Napolin egin bezala, hiriburuko kanpalekuetan bizi diren ijitoei hatz markak hartzen hasi dira Italian; errolda egiteko eta ijitoak gizarteratzeko balioko duela dio Gobernuak.
Ijitoen hatz marken bila
Berria, , 24-07-2008Napolin hasi dira. Dagoeneko. Eta, orain, haien txanda da. Gurutze Gorrikoek Erromako ijitoen kanpalekuak bisitatzen hasi dira asteon. Oraindik ez dute erabat argi metodoa. Oraingoz, hatz markak hartu dizkiete Napolin, eta horrek kritika gogorrak ekarri ditu nazioartean. Europako Parlamentuak dioenez, ezin da pertsona bat desberdin tratatu, arraza edo erlijio arrazoiak direla bitarteko. Silvio Berlusconiren eskuineko gobernuak, baina, ez du inolako konplexurik eta aurrera jarraitu nahi du. Aldaketa bakarra onartu du, nazioarteko kritikak jaso ostean: hala, eta iragarri duenez, 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera, hatz markak hartuko dizkiete herritar guztiei, eta haien nortasun agirian inprimatuta geratuko dira, argazkiarekin batean. Arrazarengatik edo erlijioarengatik inolako bereizkeriarik egin gabe.
Settecamini kanpalekuan, hiriburuko handienean, irain gisa hartu dute erroldaren berria. Ahulenak eta gaizkien tratatuenak direlakoan daude, eta irainduenak ere bai orain. Haurrak ere fitxatuko omen dituzte. Gurutze Gorrikoek egingo dituzte erroldak. Carlos Moscari Erromako prefetari esker, ez dago argi hatz markak hartuko ote dizkieten.
Italiako Gobernuak joan den astean onarturiko legeak ezarritakoaren arabera, guzti-guztiak erroldatu behar dituzte; eta politikariek dagoeneko esana dutenez, hatz markak hartzea da modurik onena. Testuak ez du horretara behartzen, ordea. Berez, ez du esan ere egiten nola erroldatu behar dituzten kanpalekuetako ijitoak.
Italiako Gobernuak dio errolda egin ahal izateko balioko dutela hatz markek; eta errolda horri esker, haurrak eskolara joanaraztea bermatu ahal izango dela, gurasoek ez ditzaten utz kalean limosna eske. Haien hobe beharrez izango omen da. Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak honela esan zion, elkarrizketa batean, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteari: «Borondate onez ari gara, besterik gabe; Europako herritar horiek hobeto gizarteratzeko eta Italiako herritarrei bezalako tratua eskaintzeko asmoz».
Eskolaratu eta gizarteratzea
Walter Veltroni oposizioko buruzagiak ijitoak bakean utz ditzatela eskatu dio gobernuari, kontuan izanik aurrerantzean guztiei hartu beharko dizkietela hatz markak; eta legez, gainera. Roberto Maroni Barne ministroak Iparraldeko Liga talde arrazista eta federalistakoa ere bada, berriz, argi eta garbi erantzun dio: «Urriaren erdialdera amaituko dugu kanpaleku nomada baimenduetan zein debekatuetan bizi diren guztiak identifikatzen. Errolda oso-osoa. Eta lehen urratsa baino ez da izango hori». Planaren bigarren urratsa, ministroaren arabera, «eskolaratzea eta gizarteratzea» izango da.
Settecaminiko kanpalekua 700 ijitok osatzen dute, eta gehienak Bosniatik etorritakoak dira. Italian bizi dira batzuk duela 40 urte edo gehiagoan. Beste batzuk han sortuak dira, han ezkondu ere egin dira eta han eratu dute dagoeneko beren familia. Haietako gutxik dute, ordea, Italiako herritartasuna, taldeko bozeramaile Rasemak azaldu duenez: «Nire haurra hemen sortua da; 30 urte ditu dagoeneko, baina oraindik ez da italiarra. Eta orain, protestaka, gizarteratzen ez garelako».
Settecaminiko kanpalekuan, Erromako Udalak eratua baita, plastikozko etxoletan bizi dira ijitoak. Harresi batek inguratzen du bizigunea, eta begirale batek kontrolatzen du jendearen sartu-irtena. Hark kontrolatzen du nor sartzen den eta nor irteten den. Kexu dira batzuetan erosketak egitetik datozelarik begiraleak egiaztagiria eskatzen dietelako eta plastikozko poltsak miatzen dizkietelako, supermerkatuan ezer lapurtu ote duten ziurtatzeko. Erromako aldirietan dago kanpalekua, ezerezaren erdian. Eta ezerezaren erdi horretan ez da autobusik geratzen. Kanpaleku baimendua da. Bada okerragorik ere.
Zoran Serferovic 41 urteko gizasemea da hango biztanleetako bat. Beste hainbatek bezala, «burdina» du lanbide. Bere kamioneta hartu eta txatar bila irten ohi da, zorte handirik gabe. Serferovicek dioenez, gero eta handiagoa da lehia. Egun batean, ehun euro irabaz ditzake; edo hogei euro galdu, kopuru hori izaki txatar bila joateko behar duen gasolioarengatik ordaindu behar duena. Kilo bat burdina, hogei zentimo eurotan saltzen du. Kobrerik apenas aurkitu daitekeen. Laster, bera eta seme-alabak erroldatzera etorriko dira. Erroldari buruz hasi da hizketan, eta beste zenbait ijito ere lotu zaizkio haren jardunari; Berlusconi dute hizpide. Antza denez, justizia saihesteko aldatu dute legea lehen ministroak eta haren ministroek. Eta bidegabe irizten diote. «Eta, gu, ezer ez daukagunok, fitxatzera datoz».
Italian 140.000 ijito daude, eta horietatik erdiak italiarrak dira. Gainerakoak, gehien-gehienak, Errumaniakoak dira; edo Jugoslavia izandakotik etorritakoak, Serferovic bezala.
Urrian amaituko dugu errolda; bigarren urratsa eskolaratzea eta gizarteratzea izango da»
Roberto maroni
Italiako Barne ministroa
«Nire haurra hemen sortua da; 30 urte ditu dagoeneko, baina oraindik ez da italiarra»
Rasema
Settecaminiko kanpalekuko ijitoa
(Puede haber caducado)