Herri bat maitatzeko, ez da han sortua izan beharrik

Berria, Idazle eta kazetaria, 19-07-2008

Irakurle horrek uzten badit, gogoeta egin nahi nuke bost kontinenteetatik etorriak izan eta Katalunian edo Euskal Herrian bizi diren pertsonei buruz, generikoki immigrazio gisa definitzen ditugun horietaz. Herrialde biotako biztanleria – – lehenengokoa, batik bat – – hainbeste ugaldu da, pertsona horiek samaldaka etorri direla eta, non autoktono askok beldurrez eta susmoz edo, are, etsaitasunez baitakusate immigrazioa; horrek behartu ditu hainbat politikari immigrazioa beren mesedetan erabiltzera, jendeari sentipenak asaldarazteraino, «ezberdin horiek» gure nortasuna, hizkuntza, ongizatea eta odola zurrupatzera datozen balizko etsaitzat hartzen dituztenei batik bat. Hauteskundeetako mezu ugarik sotilki jokatu ohi dute osagaiokin eta oihartzun nobleko hitz iradokitzailez jantzi ohi dituzte: eskubideak, demokrazia, askatasuna edo antzeko hitzez. Atzean, baina, ezjakintasunaren, absolutismoaren eta beldurraren botoak lortzeko saio atzerakoi bezain koldarra dago ezkutuan.

Baina ez. Ez da immigrazioa Kataluniako eta Euskal Herriko arazo, baizik eta zenbait katalan eta euskaldun dira arazo; herrialdea norbere ongizatearen truke saltzeko gai diren katalan eta euskaldun batzuk dira arazo. Gure historia, Estaturik gabeko beste hainbat herrialderena bezala, kameleoiz beteta dago. Eta horiek ere hitz nobleak darabiltzate: besteak beste, aurrerakoitasuna, pluraltasuna edo unibertsaltasuna; eta ez – nazionalistatzat daukate beren burua. Baina Espainiak, haien arabera, Espainia izan behar du aurrerantzean ere, eta Kataluniak eta Euskal Herriak haren zati behar dute izan. Munduko hiritar horien iritziz, katalanak eta euskaldunak unibertsalak gara, soilik espainolak bagara. Katalantasuna eta euskalduntasuna, berez – espainoltasunetik at – , kaltegarriak, insolidarioak eta moral aldetik gaitzesgarriak dira. Eta, guztiak bere hartan iraun dezan, federalismoaren bikaintasunen gorazarre egiten digute, eta panazea handi bat balitz bezala aurkezten. Hain tematurik dabiltza beren espainoltasunean, ahantzi egiten baitute federalismoak, inolako zentzurik izango badu, askea eta inork inposatu gabekoa behar duela izan, erabat independente eta bere kabuz erabakitzeko gai den hura baino ez baita aske.

Ez dira immigranteak, bada, gure nortasunari eta hizkuntzari mehatxu egiten dietenak, baizik eta katalan eta euskaldun horien jarrerak, normaltzat jotzen baitute edozein ikuskera hispanozentriko, eta erradikaltzat hartzen edozein ikuskera katalanzentriko edo euskaldunzentriko. Horiek behar dute, eta ez etorkin palestinarrek edo ekuadortarrek, Katalunia eta Euskal Herria Espainiaren mendeko izatea, norbere bizimoduko miseriei bere hartan eusteko. Horiek dira arrisku benetako, gure eskubide nazionalak berreskuratzeko. Kataluniaz eta Euskal Herriaz mintzo dira, bai, baina Espainiako zati bereizezin gisa, eta Espainia dute buruan, eta ez Katalunia edo Euskal Herria, «herrialde hau» dioten bakoitzean. Baina, ez, immigrazioak ez du, inolaz ere, pertsona horien emozio mendekotasunen errurik. Eta gezurra da, gainera, immigrazioak inolako ezinikusirik duenik Kataluniarekiko edo Euskal Herriarekiko. Guztiz alderantziz baizik, jatorri urruneko katalan eta euskaldun askok aldarrikatzen dute independentzia, eta Jainkoak gorde gaitzala abizen peto – peto batzuetatik, independentzia lortzeko. Etorriko da Kataluniaren eta Euskal Herriaren independentzia, ziur egon gaitezke, baina ez da izango autoktonooi esker, baizik eta oraindik ere ahoskatzen ez dakizkigun beste abizen horien jabeen ahaleginari eskerrak.

Hortaz, komenigarria litzateke kontu hori barneratzea, pertsona etorri berriek sortzen diguten begirada mesfidatia ezabatzeko eta geure heldutasuna azaltzearren, behingoz onartuta geu garela Espainiarekin dugun gatazka politikoa konpontzeko gai izan ez garenak. Mendeetako gaitasun ezaren eta adoregabetasunaren ondorioz, itzelezko koldarkeria da etorkinak egitea Katalunia eta Euskal Herriaren desagertzearen erantzule. Ez da komeni, beraz, immigrazioaren inguruan demagogia egiterik, eta, are gutxiago, immigrazioa deabrutzerik, hura balitz bezala gure erakundeen egungo makalaldiaren errudun. Immigrazioa beti erabili izan da herri konkistatuak gutxitzeko eta garailearen nahian makurrarazteko. Atzerritarrak Katalunian edo Euskal Herrian ustez ez gizarteratzeak dakartzan arazoak, baina, gure erantzukizun dira, eta ez da zuzena errua marokoarrei, perutarrei edo senegaldarrei egoztea. «Ez dago haiei katalanez hitz eginarazteko modurik», edo «ez dago haiei euskaraz hitz eginarazteko modurik», diote batzuek. Eta hara non, gero, hori dioten gehienak izaten diren gutxien laguntzen dietenak besteren hizkuntza ikasten. Harrigarria bada ere, katalanzale edo euskaldunzale porrokatu zenbait ez dira jabetzen beren diskurtsoaren azpian den espainolismo ezkutuaz. Ba ote ezer espainolistagorik, katalan edo euskaldun gisa dagozkigun erantzukizunak saihestea baino? Gaur egun Kataluniara edo Euskal Herrira datozen etorkinek ez diete inolako ezinikusirik gure herriei; are gutxiago, ez dakite ia ezertxo ere gure herriez. Eta logikoa da hala izatea, geu ez baikara gai izan Espainiarekiko kateak hausteko eta estatu independente bihurtzeko. Bidegabea da – – eta koldarra, ezinago koldarra – – , beraz, ez katalanok ez euskaldunek betetzen ez ditugun betebeharrak betearazi nahi izatea haiei.

Egia da, jakina, aspaldiko immigrazio espainoleko asko eta asko ez direla gure herriarekin identifikatzen; ondotxo dakigu. Baina zergatik sinetsi beharko lukete haiek geuk sinesten ez dugun horretan? Zergatik babestu beharko lituzkete autoktonook babesten ez ditugun hizkuntza, kultura eta eskubideak? Esentzien maitaleek arreta handiagoa jarri beharko lukete egungo independentisten abizenetan: harritu egingo lirateke zenbat eta zenbat Lopez, Martinez, Gutierrez, Mamad, Kingolo edo N’Dour abizendunek aldezten dituzten Pique, Iturgaitz, Borrell, Egiguren, Boadella edo Ezpeleta abizendunek maiz gutxietsitako kontuak. Horrela jabetuko lirateke,agian, immigrazioa ez dela eztabaidagaia, baizik eta independentzia, ate denak irekitzen dituen maisu giltza, begirunearena barne.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)