Herritar guztien hatz markak biltzea proposatu du Italiako Gobernuak
Diputatuek ez dute onartu Berlusconiren immunitatea bermatuko lukeen lege proposamena
Berria, , 17-07-2008Italiako Gobernuak herritar guztien hatz markak bilduko ditu. Hasiera bateko lege egitasmoan, bakarrik ijitoen hatz markak jasotzea proposatu zuten, delinkuentzia jaisteko argudioarekin. Baina, nazioarteko kritikak isilarazteko, herritar guztiei hartuko dizkiete hatz markak.
Lege honek polemika izugarria sortu du. Europako Parlamentuak eta Errumaniako Gobernuak ere kritikak egin dizkiote. Izan ere, Italian bizi diren ijito gehienek Errumanian dute jatorria. Ijitoei bakarrik hatz markak hartzeko legea hainbat erlijio taldek ere gaitzetsi dute; batzuek, gainera, pasa den mendeko 30eko hamarkadan naziek eta faxistek juduei egindakoarekin konparatu dute.
Italiako Parlamentuak onartu berri duen dekretuaren arabera, 2010. urtetik aurrera, nortasun agiri guztietan jasoko dira hatz markak. Oposizioko kide Roberto Misanik neurri berri honekin «ijitoen kontua» lasaitzea espero du.
Apirileko hauteskundeen atarian, Silvio Berlusconik «delituaren kontra» gogor egingo zuela zin egin zuen. Horren harira, iturri ofizialen arabera, italiar gehienek delituak etorkinei egozten dizkiete. Beraz, agintariaren hitzetan, «arrazakeria arazoak ekiditeko» onartu dute Segurtasunerako Legea.
Bestalde, Roberto Marori, Barne ministroa, immigrazioaren kontrakoa da, eta ijito kanpamentuetan bizi den oro erroldatzeko ekimena sustatu nahian dabil. Gainera, zentsatuko dituztenak identifikazio baliagarria erakusten dituztenak izango lirateke. Proposamen horrekin ados dagoela adierazi du Berlusconik, Estatuari ijitoen kanpamentuak «garbitzen» lagunduko diola argudiatuz. Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, momentu honetan 140.000 ijito bizi dira Italian.
Lehen ministro kontserbadorearen gobernuak, konfiantza botoaren bitartez, segurtasunaren inguruko dekretua onartu du. Onartutako lege berriaren bidez, paperik gabeko etorkinak kanporatzea erraztuko da.
Dena den, testuak Senatura bueltatu beharko du Berlusconiren prozesu judizialak urtebetez gelditzeko proposamena moldatu ostean. Hamar urteko kartzelaldiarekin baino gutxiagorekin zigortutako delituak behin – behinean bertan behera uztea proposatu zuen lehen ministroak. Diputatuek, ordea, aldaketak egin eta lau urteko espetxealdiarekin baino gutxiagorekin zigortutako delituak hemezortzi hilabetez atzeratzea proposatu dute.
Konfiantza botoaren eskaera dinamika arrunta da Italian; gainera, kontuan hartu behar da Berlusconik gehiengoa duela Kongresuan. Segurtasunerako Legearen bitartez, etorkina izatea astungarria da delituren bat egiten duenarentzat. Etorkinak herriratzea errazagoa izango da, nahikoa izango baita bi urteko espetxe zigorra izatea. Lehen, berriz, hamar urteko zigorra behar zen immigranteak bidaltzeko.
(Puede haber caducado)