Euskara beste hizkuntzei so, bere begiekin
Euskararen komunitateak, hizkuntza gutxitua izaki, beste emozionalitate eta etika batetik begiratzen die kanpotik datozen hizkuntzei, Jon Sarasua irakaslearen aburuz.
Berria, , 16-07-2008Donostia
Gizakiak izan behar du ezinbestean elean hiztuna, baina ez ezinbestean eleaniztuna». Hitz joko horrekin amaitu zuen atzo Jon Sarasuak Elean hitz, eleanitz izenburupeko mintzaldia, EHUk antolatutako Aniztasun berrien harira udako ikastaroaren barruan. Hitz jokoarekin jarraituz osatu zuen azalpena, arbelean honakoa idatziz: elean hiztuna, behar bat da; eleaniztuna, beharbada. Aniztasunari eta, bereziki, eleaniztasunari heldu zion Huheziko irakasleak.
Migrazio fluxuen ondorioz gertatzen diren hizkuntza egoeren aurrean, euskararen komunitateak begirada propioa izateko arrazoirik baduela uste du Sarasuak. Izan ere, hizkuntza indoeuropar handien ametsa hedapena izan bada, euskarak, hizkuntza gutxitu gisa, iraupena izan du amets. Eta horrek bere eraginak ditu. Hala, hedapena bide izan duten hizkuntzek ondare «zabala eta aberatsa» izan badute, euskararen komunitateak iraupen edo erresistentzia ondarea du. «Ondare honek beste emozionalitate batetik begiratzen ditu hizkuntzak».
Begiratu etikorako joera
Euskalgintzan ekologiaren kontzeptuaren inguruko planteamendu etikoak mamitzea ez dela kasualitatea uste du Sarasuak. «Komunitate honena bizitzen uztearen aldarria izan da, espazio minimoaren eskea, aniztasunerako ekarpen moduan gure gunea ekosistema moduan garatu eta zaintzeko intuizioa». Euskal komunitateak hizkuntza zaintzeari, maitatzeari buruzko bagaje propioa du, eta migratzaileen hizkuntzei harrera egiteko elementu eragilea da, ondorio aberatsak dituena. Baina ekologia kontzeptuaren alde «politikoki ez zuzena» ere gogorarazi du Sarasuak; ekosistema eta espezie bakoitzak gutxieneko batzuk behar dituela bizirik irauteko, eta horiek izan ezean hil egiten dela, hizkuntzak bezala.
Horiek horrela, hizkuntza txikien bizinahiak beste hizkuntzekiko «begiratu etiko baterako joera» duela iritzi dio Sarasuak, eta horrek eragina baduela kanpotik datozen hizkuntzekiko. Dena dela, euskara «anfitrioi berezia» da, haren ustez, etorkinentzat; «etxerik gabeko anfitrioia», alegia.
Bizi – lehian dabilenaren etika eta emozionalitatea ez direla hegemonia duenaren berak zehaztu du. Eta bi ezberdintasunokin euskararen komunitateak zenbait harrera gara ditzake etorkinen aurrean, zenbait alarma piztu ditzakeen bezala zenbait arriskuren aurrean.
Bi adibide jarri ditu Sarasuak. Bata, ekitaldi batean ume etorkin batek euskaraz abesteak malkoak sortzea zenbait ikusleri. «Ez zaio hori gertatuko frantses edo espainiar bati; etorkin batek bere hizkuntza ikasi duelako hunkitzea». Bestea, Aretxabaletako (Gipuzkoa) taberna batean gertatu zitzaiona. Zerbitzari latinoamerikarrari euskaraz bi garagardo eskatu eta hark ez ziola ulertzen esan zion. Bitan egin zuen saioa. «Uste dut nire jarrera xenofobotzat hartu zuela». Haserretu egin zen tabernaria, eta gaztelaniaz eskatu zizkion azkenerako. «Neska hark indigena aurpegia zuen, eta bere arbasoei espainiera inposatuko zieten. Orain, hemen, ekonomikoki baztertua da, baina kulturalki niri, nire udalerrian, gaztelaniaz eskatu beharra inposatzeko gai da». Linguistikoki egoera hegemonikoan zegoen tabernaria Sarasuarekiko, haren hitzetan.
Sareak, lurraldea edo guneak
Horregatik uste du Sarasuak eleaniztasunaz inguru akademiko anglosaxoi edo europarretik egiten den kontzeptualizazioak euskararen kasuan ez duela ekarpen handirik egiten, «hizkuntzen bizi – espazioen eta bizi – dinamiken gramatika bat ez dagoelako». Zergatik ez dagoen? Hizkuntza handiek ez dutelako behar. Euskarak bai, ordea. Eta galdetu du: zer espazio dagokio euskarari jatorrizko lurralde txiki eta mugatuan? Zer eskaini eta eskatu etorkinei bertako hizkuntza egoera desorekatuan?
Arrenkura bat ere agertu du: «Nortasunaren gramatikak landu gabe eta hizkuntzaren dinamikaren ezagutza minimorik gabe, gure hizkuntza politika eta iritzi maila kezkatzekoa da. Oinarri soziolinguistiko pobreekin eta korrektotasun politikoen araberako ideekin ez daukagu norabiderik».
Euskararen komunitateak lurralde kontzeptuarekin dantza egin behar duela uste du irakasleak: batetik, lurralderik gabeko sare izaten; bestetik, lurralde hegemonien jokoei buruzko eztabaida mahai gainean jartzen; eta, azkenik, «hegemonia lurralde» edo guneak sortzen euskararentzat.
Frantses edo espainiar bat ez da hunkituko etorkin batek bere hizkuntza ikasi duelako»
jon sarasua
Huheziko irakaslea
(Puede haber caducado)