Akatsik gabeko arraza osatzeko legea
Alemania naziak arraza hobetzeko helburua zuen araua jarri zuen indarrean duela 75 urte. Buruko gaixotasunak zituzten milaka lagun, gorrak, itsuak eta baita alkoholikoak ere antzutzea baimendu zuen hark.
Berria, , 15-07-2008Jaiotzez itsuak eta gorrak. Desitxuratze fisiko «larriak» zituztenak. Epileptikoak, eskizofrenikoak, maniako depresiboak. «Ergeltasun kronikoa» zutenak. Baita alkoholikoak ere. Atzo 75 urte Alemania naziak berretsi zuen lege baten arabera, ezaugarri horietakoren bat zuen edonor izan zitekeen antzutua; arraza hobetzea helburu.
Ondoretasunezko Eritasunak Ekiditeko Legea izendatu zuten. Adolf Hitler agintera heldu eta hilabete gutxira jarri zen indarrean: 1933ko uztailaren 14an. Arau hori III. Reicharen ardatz ideologikoa zen arraza goren eta bakarraren teoria babestuko zuen legedi zurrunaren lehen urratsa izan zen. Mediku ugari izan zen haren atzean, bai legea idazteko unean eta baita gauzatzekoan ere. Eta hari zor zaizkio 1933. eta 1945. artean Alemania naziak antzutzeko egin zituen 400.000 ebakuntza.
Garai hartako biologiaren eta genetikaren inguruko jakintzak kontuan izanda, mediku haien jokaera «zuriezina» dela aitortu zuten atzo Alemaniako Giza Genetikaren Elkarteko kideek. Legearen urteurrena aitzakiatzat hartuta, adierazpen bat bidali zieten hedabideei, genetikaren inguruko nazioarteko kongresu baten atarian.
Milaka laguni eragin zion arraza garbitzea helburu zuen lege horrek. Alemaniako Justizia Ministerioko estatistiken arabera, indarrean jarri zen urtean bertan 56.244 ebakuntza egin zituzten naziek; 28.286 gizon igaro ziren operazio gelatik eta 27.958 emakume. Eta II. Mundu Gerra amaitu zenerako, berriz, 400.000 lagun. Antzutzeko eskakizunak, ordea, askoz gehiago izan ziren. Estatistika ofizialen arabera, 772 laguneko bat antzutzea aurreikusi zuen Hitlerren gobernuak urte haietan.
Legearen arabera, «gaixoak» berak eska zezakeen antzutu zezaten. Baina baita haien arduradun zirenek edo legezko ordezkariek ere, haien izenean. Eta ospitalean edo espetxean zeuden «gaixoen» kasuan, berriz, erietxeko eta kartzelako ordezkariek baimena zuten halako eskakizuna egiteko. Ondoretasunezko Eritasunen Auzitegiari bidali behar zitzaizkion eskakizunak. Hura osatzen zuten medikuek, kasuak banan – banan aztertu ondoren, ematen zuten epaia. Antzutzearen aldekoa bazen, gaixoaren borondatearen kontra ere ebakuntza egin egiten zen.
Juduak ez ziren izan, beraz, Adolf Hitlerren erregimenak esetsi zituen bakarrak. Arraza garbitze aldera, «akats» fisikoak eta zenbait gaixotasun zituztenak ere desagarrerazi nahi izan zituzten II. Mundu Gerra garaiko Alemanian.
Aurrekariak
Ondoretasunezko eritasunak ekiditeko legea ez zen bat – batean sortu. Alemanian bertan bazegoen aurretik beste halako bat,1933ko azaroan indarrean jarri zen arau bat: Kriminal Arriskutsuen Kontrako Legea. Hiltzaileak eta beste zenbait gaizkile atxilotu eta irentzea baimentzen zuen harek. Baina arraza hobetzeko asmoa zuen legeak dezente urte lehenago eta beste kontinente batean ditu sustraiak. Arraza «higieneari» loturiko lehen teoriak Charles Darwinenak, Alfred Russel Wallacerenak edo Francis Waltonenak izan ziren. Eta haietan oinarritutako legeak martxan jarri zituen herrialdea, berriz, AEBak. 1896an Connecticut estatuan epileptikoei, «ergel kronikoei» eta «adimen ahula zutenei» ezkontzea debekatu zitzaien. Eta beste zenbait estatutan buruko gaitzak zituztenak antzutzea baimentzen zuten legeak jarri ziren martxan. 1927an AEB Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak berretsi egin zituen, gainera, arau horiek guztiak, eta XX. mendearen erdialdera arte ez ziren baliogabetu. Horiek hala, 1945. urterako buruko gaixotasun zituzten 45.000 lagun inguru antzutu zituzten herrialde hartan.
Aurreko mendean AEBetan gertatu bezala, Alemanian lege «garbizalea» martxan jarri zenean ez zuen aurkari askorik izan. Eliza izan zen gogorren kontra egin ziona, arrakasta handirik gabe. Haren aldekoek, berriz, jaiotze tasaren inguruko kezkak eta gastu ekonomikoa aipatzen zituzten zuribide gisa. Hitlerren aldeko Werner Hoche teorikoak, esaterako, halakoak idatzi zituen neurriren beharra nabarmenduz: «Alemaniako familia osasuntsu batek bi haur izaten ditu bataz beste, eta akatsak dituztenek, ordea, hiru edo lau. Proportzio hori medio, Alemaniako populazioa belaunaldiz belaunaldi alda liteke. Luzera, balio handieneko familiak desagertu egingo dira. Babesa behar dugu horren aurrean. Gure herriaren etorkizuna dago jokoan». Bestalde, Alemaniako Gizarte Segurantzaren urteko gastua, garai hartan, 35 milioi markokoa zen. Eta Hocheren ustez aurrekontu horren zatirik handiena «ahultasun mentalak» zituztenak sendatzera zegoen bideratuta.
Arraza hobetzea
LEGEAK MUNDUAN
Suedia. Alemania bada ere kasurik sonatuena, arraza hobetzeko lege bat indarrean jarri zuen Europako lehen herrialdea Suedia izan zen. 1922an adimen urrikoak antzutzea baimendu zuten han. 62.000 ebakuntza egin zituzten herrialde hartan, 40 urte iraun zuen politika horren ondorioz.
Norvegia. Buruko gaixotasunak zituztenek ondorengoak izan ez zitzaten, antzutzea posible egiten zuten legeak jarri zituzten martxan Norvegian 1923an. Danimarkan, berriz, 1929an onartu ziren halakoak eta Suitzan, Finlandian eta Estonian 1928an.
Kanada. Milaka lagun antzutu zituzten 1970. urtea bitartean Kanadan, arraza hobetzeko politika bat zela medio. Europako ekialdeko etorkin gehienei ez ezik, Kanadako jatorrizko biztanle ugariri ere eragin zien neurri hark.
Singapur. Arraza hobetze aldera, lizentziadunen arteko ezkontzak bultzatu zituzten.
(Puede haber caducado)