Immigrazio direktiba argitzeko eskatu dio Europari Latinoamerikak
Zuzentaraua ez dela behar bezala azaldu argudiatu du Latinoamerikako Parlamentuak
Berria, , 15-07-2008Parlatino Latinoamerikako Parlamentuko kideek immigrazioaren gaineko zuzentaraua gainbegiratzeko eskatu diote Europako Batasunari. Eta Europan bizi diren latinoamerikarrei nola eragingo dien argitze aldera, «eztabaida politikoa» proposatu diote. Europako Legebiltzarreko ordezkariekin izandako bileran, Eurolat Batzar Euro – Latinoamerikarrean, egin zuten eskakizuna, atzo, Madrilen (Espainia).
«Direktiba berri horrek gure herrialdeetan erabateko arbuioa eragin zuen, halakorik espero ez zelako eta behar bezala azaldu ez delako», adierazi zuen horren harira Andeetako Parlamentuko buru Ivonne Juez de Bakik. Horiek hala, «benetako esanahia» argitzeko eskatu dio Europari; bi urte barru eta herrialde bakoitzeko legediaren arabera indarrean jarriko den argitzeko, esaterako.
Polemika iturri
Joan den ekainaren 5ean onartu zuten Europako Batasuneko Barne ministroek immigrazio direktiba, eta hilaren 18an berretsi zuen Europako Legebiltzarrak. Paperik gabeko etorkinak kanporatuak izan aurretik hemezortzi hilabetez atxilotuta izatea baimentzen du zuzentarau horrek. Horren arabera, gainera, bost urtetan ez dute izango Europako herrialdetara itzultzeko aukera. Berez, lan eta egoitza baimenik gabe dauden immigranteak sei hilabetez atxilotzeko aukera jasotzen du direktibak, baina atxiloaldia hemezortzi hilabetera arte luzatu ahalko da «kanporatze prozesua lankidetza faltagatik luzatzen den kasuetan» edo «jaioterria ez den beste herrialde batera bidaltzeko dokumentazioa lortzen ez den kasuetan».
Latinoamerikako herrialdeak hasieratik azaldu dira direktibarekin desados. Kezkak adierazi dituzte direktibak giza eskubideak urratzearen eta kontinenteko etorkin askori EBko ateak ixtearen arriskuaren aurrean. Horren harira, AEE Ameriketako Estatuen Erakundeak goi mailako misioa bidali zuen Bruselara, Europako Batasunari immigrazioaren gaineko zuzentaraua indarrean ez jartzeko eskatzeko.
(Puede haber caducado)