Gutxienez hiru etorkin hil eta beste hamar desagertu dira Italiako kostaldean
Gara, , 15-07-2008Lampedusa irlara heltzeko ehun bat kilometrotara zegoenean, 70 etorkin baino gehiago zeramatzan ontziak tirabira egin zuen. «Fenice» Italiako ontzi militarra bila joan zen arren, hiru etorkinek galdu zuten bizia eta beste hamarrek ez zuten ontzira igotzea lortzerik izan.
Maiz errepikatzen den tragedia gertatu zen atzo, beste behin ere, Europako kostaldean. Lampedusa irlak hartu zuen Almeria eta Tenerifen gertatutako ezbeharren lekukoa, Italia hegoaldeko irla honetara heltzen saiatzen ari ziren 70 etorkinek ezin izan baitzuten beren helburua bete. Irlatik ehun bat kilometrotara zeudela, ontziak «ezagutzen ez diren arrazoiengatik» tirabira egin zuen eta gutxienez hiru etorkin ito ziren.
Palermoko portu arduradunek adierazitakoaren arabera, litekeena da hildakoak gehiago izatea, beste hamar etorkin desagertu baitziren Mediterraneoko uretan. «Fenice» Italiako Flotaren ontzi militarra 70 etorkinen bila joan zenean, txalupako bidaiariek uretara jauzi egin zuten «Fenice» – ra heltzeko asmoz, baina batzuek ez zuten ontzira igotzea lortu.
Ontzi hori ez zen izan atzokoan Lampedusa irlatik gertu nabigatzen ibili zen bakarra. Beste bi ontzi geldiarazi zituzten Italiako militarrek, bertan 400 bat etorkin bidaiatzen ari zirela. «Maltako Flotaren bi itsasontzik bi txalupa hauek Lampedusa irlaraino gidatu dituzte», azpimarratu zuten Palermoko portuko arduradunek.
Italia hegoaldeko irla honek etorkin ugari jasotzen ditu urtean zehar eta udan kopuru horrek gora egiten du. Siziliatik 200 kilometrotara dagoen arren, Lampedusa Libiatik 300 kilometrotara besterik ez dago. Kokapen estrategiko hori kontuan hartuta, Afrikako etorkin askok Lampedusa «Europarako ate» gisa ikusten dute. Esaterako, aurreko astean 600 etorkin heldu ziren irla honetara Mediterraneoko uretatik eta ekainaren lehenengo astean, gutxienez 40 etorkin zendu eta beste 100 desagertu ziren Sizilia hegoaldeko irla honetan.
Lampedusako tragedia honek aurreko astean Andaluzia eta Kanariar Uharteetako kostaldean gertatutakoa ekartzen du gogora. Uztailaren 10ean, 14 etorkin hilik – tartean bederatzi ume – zeramatzan txalupa bat heldu zen Almeriako kostaldera, bost eguneko bidaiaren ostean. Etenik ez duen amesgaizto honek jarraipena izan zuen hurrengo egunean, Gomera irlara 59 etorkin iritsi zirenean. Horietatik lauk bizitza galdu zuten. Etorkinek honakoa aitortu zuten: «Hainbat egunetan edateko urik gabe egon gara, eta hildakoen gorpuak itsasora bota behar izan ditugu». Europar Batasuneko agintariek, bitartean, etorkinen aurkako legeak gogortzeko asmoa iragarri dute, Nicolas Sarkozy EBeko egungo presidenteak bultzaturik.
Italiako Lampedusa irla Europa osoan Afrikako etorkin gehien jasotzen duen lekuetariko bat da. Libiatik heltzen dira batez ere, Sizilia hegoaldeko irla hau Libiatik 300 kilometrotara baitago.
Atzokoa ez da Lampedusan jazotako lehen ezbeharra. Ekaina hasieran 40 etorkin hil ziren eta beste 100 desagertu ziren. Udan etorkinen kopuruak gora egiten du Lampedusan.
(Puede haber caducado)