Barre

Berria, Amagoia Iban, 13-07-2008

Arrazan eta etnian oinarritutako «diskriminazio larria» leporatu dio Europako Batasunak Italiari, ijitoen hatz markak jasotzeko lege egitasmoagatik. Italiako Atzerri ministroaren erantzuna mundiala izan da: ebazpenak «zio politikoak» dauzka, eta «Italiaren aurkako aurreiritzi faltsuetan» dago oinarrituta. Italian dauden ijito guztiak fitxatzeak zio politikorik ez dauka Frattini eskuindarraren ustez, erran gabe doa, erabaki hori ez da ijitoen aurkako aurreiritzi faltsuetan oinarritzen.

Txiste txarren lehiaketa bat dirudi, bai, baina Europako Batasuna ere lehia horretan ari da. Arrazan eta etnian oinarritutako diskriminazio larriez mintzo da, eta jendearen jatorrian oinarritutako lege diskriminatzaileak bultzatzen ditu, legezko – legez kanpoko kontzeptu bikotea indartuz, «paperik gabea delinkuentea da» ideia finkatuz.

Eta txiste txarren lehiaketak segitu egiten du. Batasuneko lehendakari Sarkozyk, esate baterako, duela urtebete sinatu zuen Lisboako Ituna berresteko exijitu dio Poloniako lehendakariari. Ez omen da kontu politikoa, «morala baizik». Sarkozyk ez du arazo moralik ikusten, a zer txistea, Batasuneko kide guztiek berresten ez duten ituna bertan behera uzteko agindua ahaztu eta Nizakoarekin edo Lisboakoarekin aurrera egiteko. Eta barre egin behar omen dugu…

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)