Umeak bereizi, integratzeko
Berria, , 13-07-2008Datorren irailetik aurrera, ikasturtea hasita Kataluniara iristen diren 8 eta 18 urte bitarteko etorkinek, EBE Ongi Etorrirako Heziketa Guneetara joan beharko dute ikastera. Ernest Maragall Kataluniako Hezkuntza kontseilariak jakinarazi duenez, urtetik urtera haur etorkin gehiago iristen da behin ikasturtea hasita.
EBEn goizetan eskolak lau orduz jasoko dituzte eta arratsaldetan ekintza osagarriak egiteko aukera izango dute. Ikasgela hauetan, hezitzaile eta psikopedagogo taldeak erabakiko du haurra noiz dagoen prestatuta programa pedagogiko arruntean barneratzeko. Maragallek jakinarazi duenez, horren guztiaren helburua «etorkinen integrazioa» da.
Bestalde, EBEk ere gurasoen integrazioa izango du xede, eta, horretarako, Kataluniako hezkuntza sistemaren berri emango diete eta beren eskubide eta betebeharrak zeintzuk diren jakinaraziko dizkiete. Gainera, era honetan, seme – alaben heziketa nola bideratu erabakitzeko laguntza izango dute. Era honetan, etorkinak «tokiz kanpo» egotea saihestuko da.
«Integratu edo desintegratu»
Kataluniako SOS Arrazakeriak proiektu hori ez dela beharrezkoa salatu du. EBE gizartea «bereizteko» eta «etorkinak baztertzeko» direla argi du elkarteak. Haien ustez, orain arteko etorkinen harrera geletan aditu gehiagok lan egitearekin nahikoa izango litzateke, etorkinen hezkuntzaren arazoari irtenbidea emateko.
(Puede haber caducado)