Paperik gabeko hamabost etorkin hil dira itsasoan, tartean bederatzi haur
Espainiara bidean zihoazen etorkinak osasun egoera oso txarrean aurkitu dituzte Almeriako kostaldean
Berria, , 11-07-2008Ixiar Zubiaurre
Espainiara iristeko ahaleginetan hamabost lagunek bizia galdu dute, tartean bederatzi haurrek. Ontziko motorra matxuratu eta itsasoan bost egun noraezean igaro ondotik, Almeriako kostaldean paperik gabeko 33 etorkin aurkitu zituzten salbamendu taldeek herenegun gauean. Ontzian bizirik aurkitutako Saharaz hegoaldeko herritarrak osasun egoera oso txarrean zeuden; askok ezin ziren zutik mantendu ere. Aste honetan, guztira, 29 etorkin hil dira Espainiako kostaldean; horregatik, uztaila aurtengo hilabeterik beltzena bihurtu da.
Almeriako uretan aurkitutako 33 etorkinek azaldu dutenez, bidean hildako haur eta helduen gorpuak itsasora bota behar izan zituzten. Portura ailegatutakoen artean hamahiru emakume zeuden, hiru haurdun. Horiek hala, bost eguneko bidaian hamabi hilabete eta lau urte arteko beren seme-alabak hiltzen ikusi eta atzean utzi behar izan zituzten amei laguntza psikologikoa eman zieten Almeriako portura iristean. Hamalau lagunek itsasoan bizia galdu zuten; emakume bat, berriz, salbamendu taldeek portura eramaten zuten bitartean hil zen.
Almeriako Osasun Batzordeak jakinarazi duenez, sei etorkin AIG Arta Intentsiboko Gunean daude. Izan ere, haien egoera oso larria da. Besteak beste, bizirik irautea lortu duen haur bakarrak azalean erredurak ditu, baita tenperatura altua eta arnasteko zailtasunak ere. Haur horren eta bidaia luzean abortu bat izan duen emakume baten egoerek kezkatzen dituzte orain medikuak, bizirik irautea lortuko duten zalantzak baitituzte.
Bigarren tragedia aste batean
Almeriako portura iritsitako etorkinen erdiak ez ziren gai zutik mantentzeko ere, Francisco Vicente Almeriako Gurutze Gorriko koordinatzaileak azaldu duenez. Haatik, portuko eraikinetan ohatila gutxiegi zeuden; ondorioz, zauritu asko besotan hartuta eraman behar izan zituzten.
Dagoeneko 29 dira Espainiako kostaldean aste honetan hildakoak. Iragan astelehenean, Motril kostaldean (Granada, Espainia) paperik gabeko hamalau etorkinek bizia galdu zuten. Beste 23 etorkinekin batera Espainiara eramango zituen ontzia irauli zen eta itsasoan desagertu ziren.
Bestalde, Alboran uhartetik hamalau itsas milietara beste ontzi bat atzeman zuten herenegun salbamendu taldeek. Ontzian paperik gabeko 30 etorkin zihoazen. Horiek, Almeriako kostan aurkitutakoak ez bezala, osasun egoera onean zeuden.
Urtea hasi zenetik izan den gertaera larriena da herenegungoa. Denetara, Gibraltarko itsasartea zeharkatuz Espainiara iritsi nahian 69 lagunek bizia galdu dute urtarriletik. Hala ere, adituen ustez, zaila da zehaztea benetan hil direnen kopurua; gehienak itsasoan desagertzen baitira, eta, hortaz, bidaiatik bizirik irautea lortu dutenek emandako lekukotzen arabera baino ezin dute hildakoen gutxi gorabeherako kopurua osatu. Datu ofizialen arabera, iaz paperik gabeko 921 etorkin hil ziren Espainiako kostaldean. Alabaina, beste zenbait erakunderen arabera, bizia galdu zutenen benetako kopurua 3.500 ingurukoa da.
Immigrazio politikari kritika
«Eguraldi onarekin Afrikatik datozen ontzien irteera areagotu egiten da, baina ezin dugu ahaztu hildakoak mugen itxiera zorrotzaren ondorio direla». SOS Arrazakeriak azken egunotan gertatutakoa salatu du. Herritarrei entzungor ez jokatzeko dei egin die, gainera. «Ezin dugu ahaztu hori guztia migratzeko bide normalizatuak ixten dituen politiken ondorio zuzena dela. Bidaia gero eta garestiagoak eta arriskutsuagoak egitea da geratzen zaien aukera bakarra».
Bestalde, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak «drama lazgarritzat» jo du gertatutakoa. «Ia jasanezina». Hala, Europako Batasuneko eta G8ko estatu kideei beren BPGaren %0,7 garapen bidean dauden herrialdeetara bideratzeko eskatu die. Alabaina, aste honetan EBk onartutako immigrazio politika goraipatu du. Itun horrek paperik gabeko etorkinen aurkako neurriak gogortzen ditu.
Zenbakia
141
Etorkinak Espainiara bidean. Herenegun eta atzo artean paperik gabeko 141 etorkinek Espainiako kostaldera iristeko ahalegina egin zuten. Beren ontziak Motril, Melilla eta Almeriatik gertu atzeman zituzten.
(Puede haber caducado)