Italian gutxiengo etnikoen aurkako erasoak ugaritu egin dira azken asteetan
Estatu kideak ijitoak gizarteratzeko programak antolatzera bultzatuko ditu Europako Legebiltzarrak
Berria, , 11-07-2008Arrazakeria bultzatzea egotzi diote giza eskubideen aldeko hainbat erakundek Italiako presidente Silvio Berlusconiri. Horien esanetan, haren politikaren ondorio da azken asteetan ijitoen eta bestelako gutxiengoen aurkako erasoak ugaritu izana Italiako hiri nagusietan.
Azken eraso larrienetariko bat ekainaren 17an gertatu zen, Milanen. 12 urteko Rebecca Covaciuri eta haren 14 urteko anaia Ioniri izugarrizko jipoia eman zieten.Lekukoen arabera, kalez jantzitako poliziak izan ziren erantzuleak. Handik bi egunera bi gazteen aita, Stelian Covaciu atxilotu egin zuen Poliziak. EveryOne gobernuz kanpoko erakundeko kide Matteo Pegoraroren esanetan, gazteak joka hartu zituzten polizia berak ziren haien aitaren bila joan zirenak. «Autotik jaitsi ziren, eta seme – alabei gertatutakoa salatu izana aurpegiratu ondoren, jipoitu egin zuten».
Joan den asteburuan, berriz, suteak piztu ziren beste behin Ponticellin. Napoliko auzo horretan etorkinak dira nagusi, eta maiatzean ezezagunek 700 bat txabola erre zituzten, gazte errumaniar bat jaioberri bat bahitzen saiatu ostean. Orduan, dozenaka familiek ihes egin zuten Italiatik erasoen beldur.
Okerragoen beldur
Maiatzeko bahiketa saioaren ostean, Ponticelliko egoera okertu egin da. Bizilagunek patruilak antolatu dituzte, eta etorkinen aurkako erasoak ia egunero gertatzen dira. Horiek hala, gutxi batzuk soilik itzuli dira beren etxeetara.
Erasoak Europako beste herrialdeetara zabal ez daitezen, bestalde, neurriak iragarri ditu Europako Legebiltzarrak. Hungariako eurodiputatu Viktoria Mohacsik azaldu duenez, diskriminazioa amaituko duten eta ijitoak gizarteratuko dituzten neurriak hartzera bultzatu asmo ditu Estrasburgok Europako Batasuneko estatu kideak. Horretaz gain, laguntzak bideratuko dituzte erakundeentzat, ijitoentzat lege aholkularitzak sor ditzaten.
(Puede haber caducado)