Zaparrada
Berria, , 11-07-2008Txalo zaparrada. Nicolas Sarkozyk egin du Estrasburgon lehendabiziko hitzaldia Europako Batasuneko lehendakari gisa, eta legebiltzarkideek txalo zaparrada eskaini diote. Besteak beste, onartu berri duten immigrazio araudi faxistaren gorazarre egin duelako. Europak ez omen du harresi izan nahi etorkinentzat. Eta txalo zaparrada. Azal diezaiotela Almerian hartu dituzten afrikarrei harresirik eta mugarik gabeko Europa hori zer den.
Heldu baten eta bederatzi ume txikiren gorpuak itsasora bota behar izan dituzte, hilzorian heldu dira asko, Sarkozyk ez ditu aipatu Estrasburgon. Albistegiek bai. Laguntza psikologikoa emango dietela bizirik direnei. Hildako umeen amei, batez ere. Ez dute lan makala psikologoek. Guretzat delinkuente direla eta atzera etxera bidaliko ditugula jakiteak asko lagunduko die barne oreka berreskuratzen, bai. Etxerako bidean Espainiak Mauritania iparraldean daukan harrera etxean egonaldi amaigabea egiteak ere bai. Amnesty Internationalek Guantamito ezizena asmatu dio gune horri, hain da kartzela zulo beltz bihurtu. Eta Espainiako Gobernuak ere, Sarkozyk bezalaxe, Europaren txalo zaparrada jaso izan du immigrazio politika kontuetan.
Europa honek txalo zaparrada galanta merezi du, bai. Bere mutur harresituan.
(Puede haber caducado)