Adingabeentzako harrera egoitzak, ezin bakartu
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoitzen irizpideak bateratuko dituen dekretua aurkeztu du Jaurlaritzak
Berria, , 10-07-2008Gasteiz
Gizarte babesik gabeko adingabeen harrera egoitzak herri eta hirietan egon beharko dute. Egoitza horiek bertan daudenen gizarteratze prozesurako «lagungarria» den inguru batean egotearen garrantzia azpimarratu du Fernando Consuegrak, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuordeak.
Gizarte babesik gabeko haur eta nerabeentzako harrera egoitzak eta horien baliabideak arautuko dituen dekretua aurkeztu du Consuegrak. Dekretu horren bidez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zentroen irizpideak bateratuko dira, eta horren bitartez probintzia horietako adingabeei tratu bera bermatuko zaie egoitza horietan. Dekretua Haurtzaroaren eta Nerabezaroaren Arretarako Legearen osagarria dela argitu du Consuegrak. Egoitza berri guztiek dekretuak zehazten dituen ezaugarriak bete beharko ditu, eta gaur egun eginda dauden zentroek lau urte izango dituzte dekretua betetzeko.
Dekretuak eskaintza espezializatua emateko asmoa du, bai programen aldetik, bai egoitzen izaeran, adingabeen beharretara egokitu ahal izateko. Hala, oinarrizko programa bat zehazten du dekretuak, 4 eta 18 urte bitarteko adingabeentzat, baina premiazko harrera dagoen egoeretarako programa berezia ere zehazten du. Etorkizunean independenteak izan daitezen programak arautu ditu, baita programa horiek egiteko beharrezkoak diren egoitzen ezaugarriak ere.
Bestalde, premia berezia duten nerabeentzat programa bereziak daude, jokaera arazoak dituztenentzat zehaztutakoa, esaterako. Arazo hori duten adingabeak eraikin independente batean egon beharko dute, beste programetako adingabeetatik urrun.
Dekretuak seniderik gabeko adingabe atzerritarren inguruko erabakiak hartzen ditu bere barnean, baina adingabe zehatz horiei programa berezirik eskaini gabe. «Haien gizarteratzea egokiena izan dadin dauden programen eta egoitzen artean egokienera joango da, beste adingabeekiko bereizketarik egin gabe».
Dena den, Consuegrak aurreratu duenez, seniderik gabeko adingabe atzerritarren inguruko protokoloa bateratu behar da. Horretarako Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta immigrazioaren alorrean diharduten eragileek akordioa lortu beharko dute.
(Puede haber caducado)