Immigrazio selektiboari bide eman dio EBk, paperik gabeko etorkinei ateak itxiz
Etorkinen aldeko elkarteek ilun-argiak ikusten dizkiete Frantziak proposatutako immigrazio politika bateratuari Europako Batasuneko barne ministroek aho batez sostengatu dute ekimena Cannesen
Berria, , 09-07-2008Ixiar Zubiaurre
Aho batez onartu dute Europako Batasuneko 27 estatu kideetako barne ministroek Frantziak proposatutako Immigrazio eta Asilorako Europako Ituna. Izan ere, EBk argi du indarrean jarri nahi duen politika: paperik gabeko etorkinei ateak itxita, immigrazio selektiboari bide emango dion Europa du helburu. Espainiak jarritako baldintzei men egin ondotik, jatorrizko zirriborroa baino bertsio malguagoa aurkeztu zuen herenegun Frantziak. Datorren urrian ofizialki berretsiko dute ituna. Ordu arte, baina, estatuek eta Europako Batzordeak egindako ekimenekin «aberastuko» dute testua, Jacques Barrot EBko Askatasun, Segurtasun eta Justizia komisarioak azaldu duenez.
Estatu kideek Cannesen (Frantzia) eztabaidatu duten zirriborrotik kanpo geratu da etorkinek estatuko hizkuntza eta kultura ikasteko betebeharra izatea asmo zuen klausula, baita erregularizazio masiboak egiteko debekua ere. Azken hori etorkin bakoitzaren egoera banaka-banaka aztertuta eta «arrazoi humanitario eta ekonomikoak» aintzat hartuta onartuko bada ere, salbuespenezko neurria da.
Espainiarekin egindako negoziazio luzeen ondotik, jatorrizko testua malgutu eta estatu kide guztien sostengua lortu du Frantziak, EBko txandakako presidentetza eskuratu eta gutxira. Presidentetza eskuratzen zuen une beretik bere indarrak immigrazio politika bateratua egitera bideratuko zituela aurreratu zuen Frantziak. Eta hala izan da. Nahiz eta bere asmoak gauzatzeko hainbat alorretan amore eman behar izan duen.
Europako lan merkatuaren arabera doituko den immigrazio politika ezarri asmo du itunak; haatik, paperik gabeko etorkinen aurkako neurriak gogortuko ditu. «Jatorrizko herrialdera edo bitarteko batera itzuliko direla ziurtatu nahi da hala», azaldu du Barrotek. Gutxienez paperik gabeko zortzi milioi etorkin daude Europako Batasunean egun.
Alde onak eta txarrak
Etorkinen aldeko elkarte askok ilun-argiak antzeman dituzte Frantziako proposamenean. Hala, Cannesen aurkeztutako testuak «xenofobo izatetik gertu» zeuden hainbat neurri alboratu izana ontzat jo dute. Alabaina, paperik gabeko etorkinak Europatik kanporatzeko hartuko diren neurriak atzera pauso direla salatu dute. Guzti horren gainetik, ordea, zuhur agertu dira etorkinen aldeko elkarteak. «Zehaztasun gutxiko testua da; xenofobiatik gertu zeuden neurriak malgutu ditu, hala ere», adierazi du Mauricio Valiente Errefuxiatuen Laguntzarako Espainiako Batzordeko idazkari orokorrak. Neurri zehatzak baino irizpide orokorrak zehazten ditu, hortaz.
Bestalde, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak EBko mugetara iritsitako errefuxiatuei laguntza emateko politika bateratua eskatu du. Estatu kideei beren politikak «ahalik eta azkarren» koordinatzeko dei egin die.
Frantziaren proposamenak asilo eskaeren informazioa trukatzeko bulego bat sortzeaz gain, prozedura eta araudi bakarra sortzea espero du 2012. urterako. UNHCRek ontzat jo ditu ekimen horiek. Hala ere, errefuxiatuen harrerari dagokionez, Europako Batasunaren parte-hartzea txikia dela uste du Nazio Batuen Erakundeko agentzia horrek; horregatik, politika eraginkorrak eskatu dizkio. Egun, EBko estatu gutxi batzuek baino ez dituzte errefuxiatuentzako programa egonkorrak.
Zehaztasun gutxiko testua da; xenofobiatik gertu zeuden neurriak malgutu ditu, hala ere»
mauricio valiente
Errefuxiatuen Laguntzarako Espainiako Batzordeko idazkari orokorra
(Puede haber caducado)