Migrazio eta garapenaren gaineko biltzarra hasiko dute gaur Senegalen
Afrikako eta Europako herrialdeek migrazioei aurre egiteko 2006an lortutako akordioak sendotu asmo dituzte
Berria, , 09-07-2008Gaur hasi eta hiru egunez migrazioak eta garapena izango dituzte hizpide Afrika eta Europako 50 herrialdetako 150 aditu inguruk Dakarren, Senegalgo hiriburuan. Etorkinen jatorrizko herrialdeen eta diasporaren arteko harremanak aztertuko dituzte, besteak beste, bertan. Baina bestelako gaiak ere jorratuko dituzte Dakarko konferentzian, hala nola heziketa sistemen garapena, gizarte babesa eta etorkinei sostengua emateko taldeen sorrera.
Datorren urriaren 21ean, Parisen egingo duten konferentziarako prestaketa lana baino ez da gaur hasiko dutena. Bertan Afrikako eta Europako ministroak elkartuko dira. 2006an, Marokon egindako bilkuran lortutako akordioak sendotzea du helburu Parisko konferentziak. Martxan jarritako ekimenarekin, bi kontinenteen arteko lankidetza bideratzeko estrategia jarri asmo dute indarrean. Giza eskubideak bermatzeko xedez, migrazioen kudeaketa eragingarri eta antolatua erdietsi nahi dute Dakarren bildutako adituek.
Rabateko konferentzia
Maroko eta Espainiaren ekimena izan zen 2006koa, eta Frantziaren sostengua izan zuen. Europako 30 herrialde gehiago ere bildu ziren bertan. EB Europako Batasuneko 24 estatu kideak, Islandia, Bulgaria, Errumania, Norvegia eta Suitzak hitzartu zuten migrazioa eta garapena oinarria bi kontinenteen arteko harremana sustatzea.
Dakarko konferentzia, berriz, Senegalgo eta Espainiako gobernuek zuzenduko dute, eta FIIAPP Administrazio eta Politika Publikoen Latinoamerikarako Nazioarteko Fundazioak, eta AECID Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren babesa izango du.
Epe motzean nahiz epe ertainera migrazioak eragiten dituen desafioei eta arazoei aurre egiteko neurri zehatzak eztabaidatuko dituzte datozen egunetan Senegalera bidaiatu duten 50 herrialdetako ehundik gora adituk.
(Puede haber caducado)