Komunitateratze zentzugabea
Berria, , 09-07-2008Erakunde askok kritikatu dute Europako Direktiba, administrazio egoera araugabean dauden immigranteak kanporatzeari buruzkoa, Lotsaren Direktiba ere esan izan diotena, eta, dirudienez, kritika horiek atsekabea eragin die Alderdi Sozialistako hainbat kideri. Alderdiko buruzagi zenbait – Rubalcaba, Rodriguez Zapatero edo eurodiputaturen bat edo beste – jendaurrera agertzera behartu ditu, halako eztabaida sortu duen jokabidea aldeztera.
Haien adierazpenak irakurri eta entzun ostean – Rubalcaba ekainaren 28an, larunbatarekin, elkarrizketatu zuten SER irrati katean – , zentzuzkoak iruditzen zaizkit, oraindik ere, zenbait elkarteren mugimenduak egin zizkien kritikak. Uste dut, halaber, Zapaterok dioenaz bestera, ez dela egia Direktiba horrek mesederik dakarkionik immigrazio politika zentzuzko eta orekatu bati; eta ez dut uste aurrerakoia denik ere. Guztiz alderantziz baizik, administrazio egoera araugabean dauden immigranteen aurkako giroa sorrarazten du; pertsona horiek, izan ere, ez dute inolako deliturik egin, eta herrialdetik ezinbestean kanporatuak izatea baino ez diete proposatzen etorkizuneko ahalbide bakar gisa; asko eta askori inolako eraginik gabe uzten diete beren administrazio egoera arautu ahal izateko ahalbidea, edo lehenaz gaindiko eragozpenak ezartzen dizkiete hura gizarteratzearen bidez arautu ahal izateko aukerari. Direktiba horrek areagotu egiten du norbanakoen beldurra, eta haien bizimoduak klandestino izatera behartzen; horrez gain, mesede egiten die polizien zapalkuntza gehiegikeriei. Direktiba horrek, hain zuzen, berdindu egiten ditu administrazio egoera araugabean egotea eta delitu bat egitea, eta, halaber, sendotu baino ez du egiten Europako gobernu guztiek – Espainiak barne – darabilten erredukzionsimo sistematikoa – Javier Moreno eurodiputatu sozialistaren artikulua, El País egunkariak ekainaren 28an argitaraturikoa, da ahalegin erreduzkionista eta kontzientziaz manipulatzaile horren adibide argia – ; guztiak ere sinetsita daude jarduera mafiosoen ondorio zuzena eta bakarra dela immigrazio araugabea.
Direktiba horrek, oro har, arau esparru global bat sortzen du, zapalkuntzari bide emango diona, eta zuzenbide estatuetako printzipio oinarrizkoen aurka doana; nahiz eta Batasuneko zenbait estatuk behartu egingo dituzten, besteak beste, immigranteak adingabeentzako zentroetan atxikita eduki beharreko aldi hori mugatzera eta atxikitakoei laguntza juridikoa eskaintzera. Direktiba horrek erakusten du Europan politikari basati asko zegoela eta dagoela, edozein pertsonari gizaki gisa dagozkion eskubide oinarrizkoak urratzeko prest, immigrante izategatik bakarrik, alegia benetan existitzen den biztanle multzo horren eskubide nahitaezkoak urratzeko prest.
El País egunkariak Rodriguez Zapaterori egindako elkarrizketa luze bat argitaratu zuen ekainaren 29an; han zioenez, immigrazio politika komunitateratzearen aldekoen eta gai horri dagokionez estatuen gailentasuna eskatzen dutenen arteko borroka eremuan legoke Europan Direktiba hori. Zapateroren irudiko, direktiba aurrerakoia da, eta immigrazio politika bateratuago bat eskatzen dutenen garaipena ekarriko luke.
Nire ustez, erredukzionismora eta manipulaziora jo dugu berriro ere. Ezbairik gabe, tirabirak agerikoak dira Zapaterok adierazitako arlo horretan, baina Direktiba hori areago da zapalkuntza prozesu baten bururatzea, administrazio egoera araugabea kriminalizatzearen azken katebegia; aspalditik datorrena, gainera, eta askoz ere ertz gehiago dituena. Izan ere, harrigarria da egiaztatzea, batetik, immigrazio politikak komunitateratzearren egindako aitzin urrats urriak zapalkuntzaren arloan egin izan direla eta egiten ari direla – bide batez, prozesu horrek aspaldian amaitua behar zuen, Tampere eta Hagan horri buruz onartutako akordioen arabera – ; eta ikustea, bestetik, eragozpenak eragozpen, eta zapaltzea delarik kontua, Batasuneko estatu kideak askoz ere lehenago elkar hartzen dutela, eskubideak aitortzea dagokienean baino. Ahazteko modukoak ote dira: besteak beste, langile gonbidatuen politikak, edota hasi joan den mendeko hirurogeiko urteetatik eta Tampereko Goi Bilera artean erabili izan duten immigrazio zero politika? Edo administrazio egoera araugabean dauden immigranteen aurkako neurriak, 2002az geroztik gaurdaino hartu izan dituztenak? Zertan geratu da, esate baterako, tratu berdintasunari buruzko direktiba, ezpada Espainiako legedian atzendua, inork gogoan ere ez duen lagun – egite legearen pean? Zergatik ez dute aplikatzen oso – osorik, gaur egun dauden administrazio oztopoak kenduta, izatezko bikoteen eskubideak aitortzen dituen direktiba? Zergatik ez dute behar bezala Zuzenbidean sartzen iraupen luzeko egoiliarrei buruzko direktiba, argibide huts batzuk argitara eman ordez? Zergatik kargu hartu diote Espainiari, komunitateko Zuzenbidea urratu duela – eta, 2004/38/CE direktibaren – Batasuneko pertsonen eta haien pertsonen eskubideak arautzen dituenaren – transposizioari dagokionez.
Komunitateratze prozesu txarra da norbanakoen eskubideekin halako begirunegabekeriaz jokatu duen komunitateratzea; gaur egun Europako Batasunean gailen diren indar politiko eskuinekoen ideiei erantzuten dien komunitateratze bat da. Halako harmonizazio bat atzerakoia da, eta aspaldidanik datorren murrizketa ziklo baten esparruan dago, babes eta aterpe politikako murrizketekin eta Batasuneko mugak kanpora eramateko politikari dagozkienekin bat dator, horrek berekin dakartzan ondorio eta guzti: kanpora irtetea eragoztea, barrura sartzea eragoztea, eta, barrura sartuz gero, ahalik eta lasterren kanporatzea.
(Erredakzioan itzulia)
Direktiba horrek erakusten du Europan politikari basati asko zegoela eta dagoela, edozein pertsonari gizaki gisa dagozkion eskubide oinarrizkoak urratzeko prest, immigrante izategatik bakarrik
(Puede haber caducado)