Igande honetatik aurrera bazarrek jaiegunetan itxi egin beharko dute
150 metro koadrotik gorako lokalek urtean zortzi igande eta jaiegunetan soilik ireki ahalko dute
Berria, , 08-07-2008Igande honetatik aurrera 150 metro koadrotik gorako bazarrek itxita egon beharko dute ia jaiegun guztietan. Izan ere, igande honetan jarriko da martxan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bazarren ordutegia eta jaiegunak arautzen dituen legea. Lege berriaren arabera, 150 metro koadrotik gorako lokalek urtean zortzi igande eta jaiegunetan soilik ireki ahal izango dute, gainontzekoetan itxita egon beharko dute.
Joan den urtarrilean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Merkataritza Ordutegien legea. Orain arte, 400 metro koadrotik gorako lokalek urtean zortzi igande eta jaiegunetan soilik irekitzeko aukera zuten, baina igande honetatik aurrera 150 metro koadrotik gorakoek ere baldintza berak bete beharko dituzte. Horrez gain, astean gehienez ere 72 ordu eman ditzakete zabalik.
Arau berriak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 500 denda ingururi eragingo die, gehienak bazar txinatarrak 350 inguru. Modu horretara, saltzaile txikienen eskaerei erantzun nahi izan die Jaurlaritzak. Izan ere, bazar txinatarrak baitira ia igande eta jaiegun guztietan lan egiten dutenak, eta ia egun osoan ateak irekita dauzkatenak. Araua urratzen duten dendek 25.000 euro eta 900.000 euro arteko isunak ordaindu beharko dituzte.
Hortik kanpo geratu dira ogia, pastelak, prentsa, erregaia, loreak saltzen dituzten dendak, baita geltokiak eta mugan dauden dendak ere. Legeak aukera emango die udalei 22:00etatik 07:00etara alkohola saltzen duten dendetan hura saltzea debekatzeko, dagokien irekiera araua zein den kontuan hartu gabe.
(Puede haber caducado)