Asteasun ere gorriaren alde

Berria, Jose Mari Pastor, 05-07-2008

Kafetegiko kristaletik begira hasi da Mikel. «Errumaniarrak plazako bankuetan». Darwin Suarezek zorrotz begiratu dio. «Zer duzu? Kalterik egiten dizute?». «Ez, baina lehengoan agure bati entzun nion hor daudela egunero; ez dutela leku librerik uzten». Darwinek kafe apur bat edan du. Etorkinak munduan zehar biltzen diren lekuak gogoratu ditu: parkeak, plazak, tren geltokiak… «Eta lehen euskal etorkinak non biltzen ziren Ameriketan? San Frantziskoko edo Buenos Airesko kafetegia dotoreetan? Zuek ere etorkinak izan zarete. Argentinan lecheros deitzen zizueten».

Liburu batean Pampara pobreziatik ihesi joandako euskaldunen kontuak irakurri ditu Darwinek. «Godofredo Daireauxek idatzitako liburu batean dago hori. Los Milagros de la Argentina izena du. Hitz latz hauekin deskribatzen ditu hango euskaldunak: ‘harrotasun gabeko etorkin berriak, janaren truke edozer egiteko prest zeudenak’. Irakurri beharko zenukete».

Kafea bukatu eta mahaitik jaiki dira. «Gaur neuk gonbidatuko zaitut. Ligak Libertadores Kopa irabazi dio Fluminenseri penaltietan. Maracanan!». «Bai ote?». «Bai. Cevallosek hiru penalti gelditu ditu. Nelsonekin eta beste lagun batzuekin ospatuko dut». Mikelek harrituta begiratu dio. «Zu ere nazionalista futboleroa zara? Tira, euskaldunok seguruenik berdin egingo genuke. Hara espainiarrak, Eurokopa irabazita. Ikusi dituzu PPkoak eta PSOEkoak Eusko Legebiltzarrean? Gero, ez omen dira kirola eta politika nahasi behar».

Darwinek garrantzia kentzeko esan dio, Espainiak garaipena merezi izan du eta. «Horixe da okerrena. Irabaztea ez, onenak izatea. Harrotasun hori. Horrek A ereduak baino gehiago espainiartzen ditu hemengo umeak. Lehengoan, Asteasun, ume euskaldun batzuk Espainia – Errusia partida ikusten ari ziren taberna batean, eta Espainiaren alde, sutsu – sutsu. Asteasun ere gorriaren alde!».

Kafetegitik irten dira. «Denda handietan euskaraz egin beharko dute aurrerantzean, ezta?», galdetu du Darwinek gaia aldatzeko. Mikelek baiezkoa egin du buruarekin. «Ez da beste munduko gauza, baina bada zerbait hasteko, bai. Basagoitik, PPkoak, neurria faxismo hutsa dela esan du. Nork eta Basagoitik!». «Zer, ba?», Darwinek. «Ba, Banco Hispano Americano eta Iberdrola sortu zituenaren ondorengo zuzena da; haren osaba – aitona Getxoko alkatea izan zen 1941ean, frankismo latzenean; aita Fenosako presidentea izan da… Neguriko oligarkia. Negurin, non neskameak ia – ia lehen gaueko eskubidearekin hartzen zituzten. Eta orain euskaldunon eskubideak babesteko neurria faxismo hutsa dela dio». Arnasa hartu du. «Jaurlaritzakoa banintz, kezkatu egingo nintzateke. Basagoitik hori badio, ez da oso oker ibiliko: berak inork baino hobeto daki faxismo hutsa zer den. Berak eta bere familiak inork baino hobeto aprobetxatu dituzte frankismoak emandako pribilejioak eta inposatutako debekuak».

Errumaniarrak kanpoan daude oraindik. Darwinek Mikeli begiratu dio. «Eta denak hemengoak izango balira egunero bankuetan esertzen direnak, molestatu egingo zintuzkete?».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)