Barañainen zortzi gazte atxilotu dituzte, 18 urteko neska bat bortxatzea egotzita
Atxilotuetako sei adingabeak dira; ustezko bortxaketa ekainaren 28an jazo zen, herriko bestetan
Berria, , 05-07-2008Zortzi gazte atxilotu zituen atzo Espainiako Poliziak Barañainen (Nafarroa), joan den astean herriko festetan 18 urteko emakume bat bortxatu izana egotzita. Atxilotuen artean, sei adingabeak dira. Polizia iturrien arabera, ekainaren 29an, goizean, ustezko biktimak osasun etxe batera jo zuen zauriak artatzera. Aurreko gauean gazte talde batek bortxatu egin zuela adierazi zuen emakumeak osasun etxean. Espainiako Poliziak ohar baten bidez aditzera eman duenez, une horretan bertan abian jarri zuten ikerketa zer jazo zen argitu ahal izateko eta ustezko erasotzaileak identifikatzeko.
Poliziek aditzera eman dutenez, ustezko erasoa jazo zen gauean Barañaingo jaiak ziren, eta biktima gazte talde batekin zegoen. Antza, pixka bat edanda zegoela baliatu, eta Barañaingo Zizurko Zendea kale ondoko eremu batera eraman zuten mutilek. Orduan, mutil taldeko hainbat lagunek, atzo atxilotu zituztenek, hain justu, neska bortxatu zuten susmoa dago.
Espainiako Poliziak, egindako ikerketan bildutako datuekin, berehala identifikatu zituen ustezko erasotzaileak. Dena dela, zortzi gazteak atxilotu baino lehen Adingabekoen Fiskalari atxiloketen berri eman zietela jakinarazi dute Polizia iturriek. Atxilotu dituzten bi helduetako bat, antza, bitan egon da atxilotuta aurretik. Dagoeneko epailearen agintearen esku daude atxilotutako bi helduak.
Zauriak eta ustezko sexu erasoen aztarnak zehazten dituen mediku txostena aurkeztu du biktimak Poliziaren aurrean. Adingabeko atxilotuen artean bi ekuadortar, bi kolonbiar, boliviar bat eta errusiar bat daude, Poliziaren arabera. Adin nagusiko bi atxilotuak, bestalde, 23 eta 18 urteko bi ekuadortar direla jakinarazi dute, M.F.C.C. eta D.A.V.R.
Sexu erasoa Donostian
Ertzaintzak 19 urteko mutil bat atxilotu zuen atzo Donostiako dantzaleku batean, adingabeko bi neskari sexu erasoa egitea eta haietaz abusatzea leporatuta.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, atxilotuak hainbat ukitze egin zizkien neskei dantzalekuko kanpoaldean. Iturri horrek berak adierazi duenez, goizaldeko hirurak aldera izan ziren Donostian ustezko abusuak, Zurriola etorbideko dantzaleku batean.
Lehenik, neskak eta ustezko erasotzailea dantzaleku barruan zeudela, itxura denez, mutilak nesketako bati bat – batean egin zion eraso; bularrak eta ipurmasailak ukitu zizkion, bortxaz, haren borondatearen kontra.
Herrizaingo Sailaren arabera, une horretan izandako jokabidea aurpegiratu zion erasotzaileari neskak, eta 19 urteko gazteak ostikada bat eman zion ahoan. Itxura denez, istiluan esku hartzen saiatu zen neskaren lagun bat, baina hark ere ustezko erasotzailearen partetik kolpeak jaso zituen, eta, horrez gain, elastiko urratu ondoren, bularrak ukitu zizkion.
Gauez patruila lanak egiten ari zen Ertzaintzaren talde bat orduan ailegatu zen ustezko erasoak jazo ziren tokira; Zurriola etorbidera, alegia. Ertzaintzaren automobila ikusi bezain laster, ustezko erasotzailea taxi batean ihes egiten saiatu zen. Hala eta guztiz ere, Ertzaintzak gizon susmagarria harrapatzea lortu zuen. 19 urteko gaztea P.P.Z.A. letrekin identifikatu zuten, eta atzo goizean bertan jarri zuten epailearen esku.
(Puede haber caducado)