«Egungo umeak, gu ez bezala, transnazionalak dira berez»
Argiak eta itzalak izan ditu AEBetako multikulturalismoak, Karen Sands-O'Connorren iritziz, baina itxaropenez ikusten du multikulturalismoaren etorkizuna, batez ere umeak giltzarritzat dituelako, eta egungo umeak, berez, «transnazionalak» direlako.
Berria, , 04-07-2008Donostia
Karen Sands – O’Connor (Detroit, AEB, 1969) izan zen atzo hizlari nagusia Donostiako Miramar jauregian egiten ari den Haur eta Gazte Liburuaren IV. Iberiar Biltzarrean. Multikulturalismoaren kontzeptuak AEBetan izan duen bilakabidea aztertu zuen, hara joandako euskal herritarrei buruz idatzitako haur eta gazte literaturako hainbat liburu adibidetzat hartuz.
Noiz eta nola sortu zen multikulturalismoaren kontzeptua AEBetan?
XX. mendearen 30eko hamarkadan agertu zen estreinakoz kontzeptu hori, komunismoaren eta Europan sortzen hasiak ziren totalitarismoen aurkako erreakzio moduan. Garai hartan jende asko joan zen ihesi Europatik AEBetara, eta multikulturalismoak zentzu handia hartu zuen.
Hiru aro bereizi dituzu. Lehen aroan, multikulturalismoak ez zuen guztiz bide zuzena hartu, gaurko begiekin begiratuz gero behintzat.
40ko hamarkadatik aurrera, hiritartasun kontzeptuak garrantzi handia hartu zuen. Gobernutik eta hainbat erakundetatik une hartako AEBen erretratua egitera bultzatu zituzten idazleak, estatubatuarra izatea zer den adieraz zezaten. Liburu sail batzuk sortu zituzten xede horrekin, eta sail horietako batean argitaratu zen, 1942an, Miriam Isasi eta Melcena Burns Dennyren White Stars of Freedom, Euskal Herritik AEBetara joandako jendea erakusten duen liburua. Liburu horien bidez, AEBetara joandakoei erakusten zitzaien hiritar izateko estatubatuar izan behar dutela lehenik. Liburuek immigranteei integratzen lagundu nahi zieten, baina jatorrizko kulturak baztertu eta estatubatuar bihur zitezen, hiritar izatera hel zitezen. Orduko multikulturalismoak ez zuen, beraz, desberdintasuna ospatzen.
Bigarren aroak hobekuntzak ditu, baina baita ondorio kaltegarririk ere.
Black Power eta indiarren mugimenduak agertu ziren. Talde horiek nortasun propioa aldarrikatu eta nortasun horiek babesteko politikak eskatu zituzten. Horrekin batera sortu zen literatura oso lotuta zegoen talde horiei: beltza izatea zer den edo indiar izatea zer den azaltzen zuen. Alde batetik, onuragarria izan zen hori, talde horiek azaleratu eta ikusgarri bihurtu zituelako, baina bestetik estereotipoak sortu eta indartu zituen. Euskaldunaren estereotipoa indartu zuen, adibidez, Ann Nola Clarken Year Walk liburuak. 1975ean argitaratu zen.
2001eko irailaren 11ko atentatuak dira, zuk hitzaldian egin duzun bereizketaren arabera, bigarren eta hirugarren aroaren arteko mugarria.
AEBek asko sufritu zuten, eta une larri hartan nazionalismoa asko indartu zen. Hedabideetan, jatorri jakin batzuetako herritarrei ukatu egiten zitzaien hiritar izateko eskubidea, beren jatorriagatik. Baina hedabideetako nazionalismo horrek ez zuen islarik izan haur eta gazte literaturan. Umeak oso eroso sentitzen dira komunitate globalaren barruan. Teknologia berrien bitartez, aise gainditzen dituzte kulturen arteko desberdintasunak. Eta umeak funtsezko giltzarria dira prozesu multikultural honetan, umeek argi asko erakutsi baitute ez dutela inolako konplexurik estatubatuar eta hispano izateko orduan adibidez, edo bestelako nahasketak onartzeko. Erakutsi dute ez dagoela bataren eta bestearen arteko aukeraketa egin beharrik.
Hirugarren aroko multikulturalismoaren adibide gisa beste liburu bat aipatu duzu: Mark Kurlanskyren The Girl who Swan to Euskadi / Euskadiraino igerian joan zen neska. Zaila egin zaizu AEBetako euskaldunak erakusten dituzten haur eta gazte literaturako liburuak aurkitzea?
Indiarren literatura ikertu dut nik batez ere, baina kongresu honetako hitzaldia prestatzeko euskal herritarrei buruz AEBetan idatzi den haur eta gazte literatura arakatu dut, eta harritu egin naiz zenbat liburu aurkitu dudan ikusita. Dena den, oso gutxi dira ohiko estereotipoak erabiltzen ez dituztenak; gehienetan euskaldunak artzainak dira. Kurlanskyren liburua da euskalduna izateko beste modu batzuk daudela erakusten duten bakanetako bat.
Gloria Totorikaguena aipatuz, adierazi duzu jendea gero eta transnazional – agoa dela. Hori da multikulturalismoaren etorkizuna?
Gaur egun jende asko transnazionala da berez, herrialde batetik bestera inoiz baino mugimendu gehiago baitago, eta inoiz baino errazagoa eta sarriagoa delako herrialdeen eta kulturen arteko komunikazioa. Horregatik, garrantzitsua da multikulturalismoaren zentzua, gaizki ulertuak saihestu eta komunikazioa errazteko. Guk geure buruak moldatu behar izan ditugu agertoki berri honetara, baina egungo umeak, gu ez bezala, transnazionalak dira berez, literaturaren bitartez beste herrialde eta kulturen berri dutelako. Horrenbestez, transnazionalismoa da multikulturalismoaren helburuetako bat, bai; baina umeek bereganatua dute dagoeneko transnazionalitate hori. Hori mantendu eta sustatu egin behar da orain.
GAURKO EGITARAUA
09:00 / 10:15: Elisa Bonillaren hitzaldia, kultura anitzeko komunitateetan irakurketa sustatzeko planek kontuan hartu beharreko elementuen inguruan.
10:45 / 12.00. Marisa Pata eta Jose Antonio Gomesen txosten eztabaidak.
15:00 / 17:00: Komunikazioak.
17:00. Elena Odriozolaren erakusketaren inaugurazioa, Gorringo antzerki taldeak antolatua.
(Puede haber caducado)