Sutea izan da Lazkaon, etorkin adingabeak bizi diren hotel batean
Gaztetxoetako bat arin zauritu da, eta sutea nahita eragindakoa izan den susmoa dutela diote Udaleko iturriek
Berria, , 04-07-2008Donostia
Adingabe etorkinen harrerarako Lazkaoko (Gipuzkoa) hotel batean sutea izan zen atzo goizean. Sutea nahita eraginda izan zen susmoa dutela adierazi zuten Udaleko iturriek. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Gaietarako Departamenduak ohar baten bidez azaldu zuen jarrera «tinkoa» izango dutela harrera zentroetan arazoak sortzen dituzten adingabeekin.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako datuen arabera, suhiltzaileek 09:50ak aldera jaso zuten Zubierreka industrialdean dagoen hotelean sutea izan zenaren abisua. Bederatzi etorkin adingabe bizi dira bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren zaintzapean.
Lazkaoko Udaleko iturriek azaldu dutenez, sutea lehen solairuko gela batean piztu zen. Dirudienez, biltegi gisa erabiltzen zuten gela hori. Iturri horiek gaineratu dutenez, gazteetako batek disolbatzailearekin zipriztindu zuen biltegian zegoen koltxoietako bat, eta gero su eman zion hari. Garrak ez ziren eraikinaren gainontzeko geletara zabaldu, eta suhiltzaileek ordu erdiren buruan kontrolatu zuten sutea. Gaztetxoetako batek lehen solairutik egin zuen salto, eta erietxera eraman behar izan zuten orkatila bihurrituta. Beste adingabe batzuek ere arazoak izan zituzten kea arnasteagatik, baina ez zuten ospitalera joan behar izan.
Eraikinaren egiturari kalterik eragin ez bazion ere, sutea izan zen gela erreta geratu zen, eta lehen solairu osoan kalte materialak izan ziren. Hori dela eta, bederatzi adingabeak beste harrera zentro batzuetara eraman beharko dituzte.
Lazkaoko Udaleko iturrien arabera, harrera zentroan halako arazoren bat gertatzen den lehen aldia da. Dena den, adingabeekin arazoak «ohikoak» direla gaineratu dute. «Badira hezitzaileei aurre egin, eta mehatxu egin dieten bi gazte». Azaldu dutenez, atzo goizean bertan gaztetxoetako batek autoko ispiluetako bat hautsi zion hezitzaileetako bati.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Gaietarako Departamentuaren irudiko, halako gertaerak gutxiengo batek eragiten ditu. «Oro har, adingabeek oso jarrera ona dute eskaintzen zaizkien harrera eta heziketa programekin». Haien ustez, gutxi horien jokabideek kalte egiten diete gainerako etorkin adingabeei. «Babesik gabe geratzen dira, halako gertaerek sortzen duten giza asalduraren aurrean». Beraz, horrelako jarrera duten gazteen kontra jartzen diren salaketak ahalik eta azkarren argitzeko eskatu diete agintari judizialei.
Adingabeen eskubideak babesten jarraituko dutela berrestearekin batera, zera ohartarazi dute; «Legeak aginduta hartzen ditugun adingabeek eskubide batzuk dituzte, baina baita ardura eta betebehar batzuk ere. Ondo dakite ezin dituztela arauak apurtu, eta badirela egin ezin dire gauza batzuk, ez zentroan eta, ezta kalean ere».
30 harrera zentro
Egun 30 harrera zentro ditu Gipuzkoako Diputazioak. Horietatik bederatzitan larrialdi harrerak egiten dituzte. Gainontzeko 21ak egonaldi luzeagoetara bideratzen dituzte. 2008an harrera zentro gehiago irekitzeko asmoa du Aldundiak. Hala, dagoeneko hiru eraikin erosi ditu horretarako. Horietan 40 bat adingabe ingururentzako lekua egongo da. Aldundiak aparteko arreta behar duten adingabe etorkinentzako zentro bat irekiko zuela ere iragarri zuen Jose Ignacio Insaustik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Haurtzaro eta Gaztaro zuzendariak.
Iaz 1.350 adingabe hartu zituzten harrera zentroetan. Aurten, berriz, dagoeneko 1.258 adingabe artatu dituzte.
Suteak zentroetan
AURTENGO KASUAK
Segura. Etorkin adingabeentzako etxe bat erre zen otsailaren 7an Seguran (Gipuzkoa), ustez nerabeek eragindako sutean. Etorkinentzako zentroa behin – behinean zuen atondua Gipuzkoako Diputazioak Segurako Aingeru Guardakoa aterpetxean, Tolosakoa (Gipuzkoa) obretan baitzegoen. Ertzaintzak 15 eta 16 urte bitarteko lau adingabe atxilotu zituen, ustez sutea eragiteagatik. Hurrengo egunean lau nerabeetako bi aske utzi zituzten, beste bat zentro itxi batean ingresatu zuten eta laugarrenak tratamendu terapeutikoa jaso zuen.
Artzentales. El Gramo (Artzentales,Bizkaia) etorkin adingabeentzako zentroak su hartu zuen otsailaren 10ean. Sutea itzaltzen ari zirela kea arnastu zuten bi gaztek eta bi zaintzailek eta Zallako (Bizkaia) osasun zentrora eraman zituzten. Osasun zentroan zauri larririk ez zutela izan egiaztatu zuten. Sutearen ondorioz, kalte material handiak izan ziren zentroan: logeletako bat guztiz kiskalita geratu zen, eta ondokoa hondatuta. Sutea nerabeek piztu zuten susmoa agertu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, baina ez zuten inor atxilotu.
Donostia. Igeldoko zentroan sutea izan zen. Han inor bizi ez bazen ere, dena prest zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako teknikariek, familiarik gabeko hamar etorkin adingaberi harrera egiteko. Eraikineko gela bat guztiz kiskalita geratu zen, eta baita muntatzeke zituzten hainbat altzairu ere. Donostiako Udaltzaingoak ikerketa abiatu zuen, eta zantzuak aurkitu zituen zentroa nahita erre zutela pentsatzeko. Ez zen atxiloketarik izan.
(Puede haber caducado)