«Eskaintzen ditugun zerbitzu guztiak beteta daude»

Gipuzkoako Caritasek 17.000 laguni lagundu zien iaz. Eta zaurgarritasun arriskuan dagoen gero eta jende gehiago dagoela dio Jose Emilio Lafuentek.

Berria, Jakes Goikoetxea, 01-07-2008

Donostia

Etxegabeei, gizarte bazterketa egoeran daudenei, hilaren amaierara iristeko arazoak dituztenei, droga menpekotasun arazoak dituztenei, krisialdian dauden familiei, ijitoei, etorkinei, hiesa dutenei… laguntzen die Gipuzkoako Caritasek bere fundazioetan, laguntza zerbitzu espezializatuetan eta parrokietan, ia mila boluntario eta zenbait profesionalen bitartez. Erakundeko idazkari nagusia da Jose Emilio Lafuente (Donostia, 1969).

2006ko jardueren memoriatik 2007kora joera aldaketarik edo datu kezkagarririk nabaritu al duzue?

Nabarmenena da lehen harrerak gora egin duela. Lehen harrera gizarte langileak egiten duena da, Caritasera jotzen duenaren premiak aintzat hartzeko. Ez ditu gizarte bazterketa egoeretan dauden pertsonak bakarrik hartzen, baizik eta premia egoeran dagoen edozein. Ikusten dugu gero eta arrisku edo zaurgarritasun egoera gehiago daudela. Ez gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonak, baizik eta hilaren amaierara iristeko gero eta zailtasun gehiago dituztenak. Gero eta jende gehiagok du laguntza premia. Pentsa, eskaintzen ditugun zerbitzu guztiak beteta daude.

Egoera horiek bazterketa egoeren abiapuntu izan al daitezke?

Gizarte bazterketa gertatzeko beste zenbait baldintzak ere gertatu behar dute, ez bakarrik ekonomikoek. Beste helduleku batzuek ere huts egin behar dute: familia, lagunak, lana… Egoera ekonomikoa funtsezkoa da, abiapuntua izan daiteke, baina gizarte sarera lotzen zaituzten elementuetatik askatzen bazara, arrisku egoeraz hitz egingo genuke.

Datuak emateko orduan esaten da Donostian ehun bat lagun bizi direla kalean. Datua zuzena al da?

Bai. Kalean bizi direnekin lan egiten dugun zenbait erakundek duela bi urte egindako azken datuen arabera, ehun pertsona ziren.

Neguan kalean bizi diren guztiek al daukate aterperen bat Donostian?

Bai. Beti gera daiteke baten bat kalean, zerbitzuen dinamikan eta arauetan sartzen ez direnak ere badirelako.

Eta negua pasatu eta gero zer? Negurako prestatutako zerbitzuetako asko itxi egiten dira.

Pena da. Zerbitzu horiek sortu dira neguan kalean lo egiteak daukan arriskua saihesteko. Larrialdi egoera da, eta larrialdi zerbitzuak dira. Neguko zerbitzuak ixteak agerian uzten du kalean bizi direnentzako baliabide gehiago sortzeko premia.

Ba al dago asmorik zerbait sortzeko?

Lanean ari gara Administrazioarekin, eskainitako leku kopurua handitzeko. Diputazioak badu borondatea zerbitzu eta leku gehiago sortzeko.

Edonor irits al daiteke kalean bizi behar izatera?

Bai, beti esaten dugu. Gure zerbitzuetan mota guztietako egoerak dauzkagu. Topikoa dirudi, baina egia da.

Horren haritik, kalean amaitu duten pertsonen istorioak entzunez gero asko harrituko al ginateke?

Bai, zalantzarik gabe. Ariketa polita da gaizki pasatzen ari den pertsona batekin eseri, begietara begiratu eta berarekin hitz egitea. Ikusten duzu pertsona bat dela, zu bezalakoa, baina premia eta zailtasun batzuk dituena.

Hainbat urte daramatzazue salatzen gizarte bazterketa egoeran dauden pertsona gehienek daukatela buruko gaixotasunen bat – Caritasek zerbitzu espezializatuetan hartzen dituen bi pertsonatik batek – eta zuek ez zaudetela prestatuta horiek artatzeko. Urratsak egin al dira pertsona horien tratamendua errazteko?

Pertsona horiek gizarteratze zerbitzuetan hartzen ditugu, beren gaixotasuna tratatzeko prest ez dauden zerbitzuetan. Urteotan azpiegiturak eskatu ditugu buruko gaixotasun larriak dituztenak modu egokian artatzeko. Gizarte zerbitzuetan har ditzakegu maila baterainoko buruko gaixotasuna duten pertsonak, baina ez gaude prestatuta gaixotasun larriak dituztenak artatzeko. Eta ez dago azpiegiturarik pertsona horiek behar bezala hartzeko eta artatzeko. Administrazioak ulertu eta barneratu du erronka hori eta borondatea du beharrezko azpiegiturak sortzeko.

Joserra Treviño Gotzain ordezkariak martxoan esan zuen gizarteak begirada aldatu behar duela pobreziarekiko eta bazterketa jasaten duten pertsonekiko.

Askotan esan ohi dugu gizarteari gerta dakiokeen gauza okerrenetako bat dela normaltzat jotzea normala izan behar ez duen zerbait: sufrimendua, pobrezia eta gizarte bazterketa egoerak. Egoera horien aurrean kontzientziatu eta sentiberatu beharko genuke. Guztiok gara eraikitzen ari garen gizartearen erantzule. Kontua ez da pertsonok gizartean puzzle piezen moduan egokitzea. Guztiok pixka bat mugitu beharko genuke pertsona horiei lekua egiteko.

Gipuzkoako Caritasen iazko berrikuntzetako bat Eutsi zerbitzua izan zen: alkoholismo arazoak dituzten etxegabeentzat. Zer – nolako harrera izan du?

Oso pozik gaude, emaitzak oso onak baitira. Konturatu ginen kalean bizi direnen eta Aterpe harrera etxean hartzen ditugunen artean talde desberdinak daudela. Eta horien artean azkenetan azkenak dira iraupen luzeko alkoholismoa arazoak eduki eta kalean bizi direnek beraiek baztertzen dituztenak. Ikusten genuen pertsona horiek ezin zutela alkohol kontsumoa utzi eta ezin zela beraiekin lan egin kronifikaziotik ateratzeko. Beraz, zerbitzu bat egokitu behar genuen beren premia egoerara; bestela, pertsona horien eguneroko gainbeheraren ikusle bihurtuko ginen. Horrela sortu zen Eutsi, EHUko Psikologia fakultateko irakasle batekin eta Osakidetzarekin elkarlanean.

Bertara jotzen dutenek alkohola kontsumi dezakete. Nahi duten guztia?

Ez, kontsumo kontrolatua da. Pertsona horiek kalean egonez gero, beren alkohol kontsumoa neurririk gabea izango litzateke. Pertsona horietako batzuek neguan, esaterako, hotzari aurre egiteko, hiru edo lau litro alkohol edan ditzakete egunero. Ezin dute alkohola uzteko zerbitzuetan sartu, kroniko bihurtutako kasuak dira. Eutsin, jolasen eta aisialdiko programen artean, alkohola kontsumitzeko aukera dute, baxoerdi bat. Jan ere egiten dute. Horrela asko murrizten da alkoholaren eragin kaltegarria.

Eutsira jotzen dutenei eskatzen diegun gauza bakarra da hilean behin osasun azterketa bat egitea. Horrekin lortu dugu pertsona horiek alkohol kontsumoa gutxitzea, autoestimu gehiago edukitzea, beren artean eta boluntarioekin eta profesionalekin harremana eduki ahal izatea, ospitaleetan egiten zituzten sarrerak %50 murriztea… Osasun baldintzei dagokienez eta bizi – baldintzei dagokienez, zerbitzua erabateko arrakasta eta sorpresa da.

jgoikoetxea@berria.info

 

«Duela bi urteko datuen arabera, Donostian ehun lagun bizi dira kalean»

«Ariketa polita da gaizki pasatzen ari den pertsona batekin eseri eta hitz egitea»

 

«Ez dago azpiegiturarik buruko gaixotasunak dituztenak hartzeko»

«Eutsi – ra jotzen dutenen alkohol kontsumoa gutxitzea lortu dugu»

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)