Lurrak ustiatzeko akordioa sinatu dute Maoriek eta Zeelanda Berriak

Gobernuaren iritziz, herrialdea adiskidetzeko egindako urrats garrantzitsuena da ituna sinatu izana

Berria, , 26-06-2008

Nagore Vega

Zeelanda Berriko Gobernuak eta 100.000 Maori inguru biltzen dituzten zazpi tribuk lurrei buruzko akordioa sinatu zuten atzo. Urte luzez jasandako bidegabekerien ordainetan 213,15 milioi euroko balioa duten bederatzi pinudi ustiatuko dituzte Maoriek.

Ehunka Maori bildu ziren atzo Zeelanda Berriko Parlamentuan bi aldeetako ordezkariek akordioa nola sinatzen zuten ikusteko. «Egun historikoa da gaurkoa», esan zuen Helen Clark lehen ministroak. Michael Cullen Itunen Negoziaziorako Zeelanda Berriko ministroak esan zuenez, herrialdea adiskidetzeko egindako urrats garrantzitsuena da ituna sinatu izana.

Bestalde, Zeelanda Berriko gizarteari lagunduko dion talde garrantzitsua izateko Maorien asmoa erakusten du ituna sinatu izanak Tumu Te Heuheu Ngati Tuwharetoa tribuko buruaren iritziz. Helburua etorkizun ekonomikoa bermatzea da: «Hori da datozen belaunaldiei utziko diegun ondarea».

Waitangiko Itunaren ordainak

Lurrei buruzko negoziazioa eta akordioa prozesu luze baten emaitza dira. Bi aldeen helburua 1840ko Waitangiko Itunak sortutako bidegabekeriak zuzentzea izan da. Urte hartan, kolonialismoa saihesteko gerra galdu zuten Maoriek Erresuma Batuaren aurka. Euren lurren subiranotasuna galdu zuten bizitza barkatu ziezaieten, eta Erresuma Batuko hiritartasuna lortuko zutela jasotzen zuen itunak. Erresuma Batuko Koroak ez zuen Waitangiko Itunarekin hartutako erantzukizunik bete: ez zien berdintasunik eskaini, eta euren eskubideak ez zituen babestu.

Mende bat baino gehiago igaro da ordutik, eta orain, jasandako bidegabekerien truke bederatzi pinudi ustiatuko dituzte akordioa sinatu duten Iwi komunitatea osatzen duten maoriek. Lur horiek ustiatzeko baimena CNI Isi Holdings Limited enpresaren izenean egongo da. Enpresa horren %13,3 estatuarena da, eta gainontzeko %86,7 Maoriena. Maoriek erabakiko dute lur horiek nola kudeatu. Bestaldetik, urtero 6,32 milioi euroko errenta jasoko dute.

Maoriak pozik daude lortutako akordioarekin, baina haserre Zeelanda Berriko Gobernuak onartu nahi duen lege berriarekin. Lege horren arabera, Zeelanda Berriko itsasertzak eta itsas hondoa eurenak izatea ezingo lukete galdegin Maoriek. Haserre daude Gobernuaren asmoarekin eta lege berriak Maorien lur eskubideak urratuko dituela salatu dute. Hego Uhartean dagoen Marlborough Sounds aldearen gaineko eskubide esklusiboak eskatzen ari dira Maoriak dagoeneko.

Maoriak Zeelanda Berriko Ipar Uhartean bizi dira, erdialdean. Guztira, biztanleen %15 dira gutxi gorabehera. Herritar pobreenen artean daude, langabezia handia dute, eta osasun baldintza eskasak. Ez dute hezkuntza egokirik jasotzen eta etxebizitzarik ere ez dute askok.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)