«Damutu zait etorri izana»

Jaioterritik alde egiten duten adingabeek espero baino zailtasun eta bidegabekeria gehiago topatzen dituzte bidean Adingabeei legez eman behar zaien babesa galdu ohi dute 18 urte betetzean

Berria, Maite Asensio Bilbo , 25-06-2008

Txaib Lazaarek ez daki zergatik egin zuen alde Al Hozeimatik (Maroko). Aita merkataria du, eta etxean ez dute diru arazorik. Haren adiskideek egunero hitz egiten zuten handik ateratzeaz, Europara joateaz, baina Lazaari ez zitzaion bururatu ere egiten. 2005eko iraileko egun batean, ordea, Gibraltarko itsasartea gurutzatzea proposatu zioten. «Ikasturtea hastear zegoen, liburuak erosita nituen jada. Bat-batean erabaki nuen: nire ingurura begiratu nuen, eta hura aspergarria zela konturatu nintzen». 15 urte zituela alde egin zuen, gurasoei ezer esan gabe.

Ezohikoa da Lazaaren istorioa. Izan ere, gurera heltzen diren seniderik gabeko etorkin adingabe gehienak arazo ekonomiko larriak dituzte familian. Hala dio Gorka Saituak, Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundutako Bizgarri elkarteko langileak: «Emigratzeko arrazoiei buruz galdetzean, gazte gehienek antzeko erantzuna ematen dute: lan egitera datozela, familiari laguntzeko». Baina arrazoi ekonomikoez gain, beste asko daude, kulturalak eta politikoak batik bat. «Jatorrietan ez dago adierazpen askatasunik, ezta parte-hartze sozialik ere. Eta Europak kultura eta aisialdi askotarikoagoa eskaintzen die, baita askatasun sexuala ere».

Adingabe izanik migratzeak zailtasunak dakarzkie gazteei, baina era berean, «,etekin» handiak ematen dizkiela dio Saituak: «Adingabeentzat errazagoa da legezko dokumentazioa lortzea egun. Gainera, gero eta gazteago etorri, orduan eta aukera gehiago dute erakunde publikoen programetan sartzeko, baita gizarteratze aldera ikasi beharreko guztia bereganatzeko ere». Hori dela eta, sarritan adingabeen migrazio proiektuak familiek eurek bultzatzen dituztela uste du Saituak.

Oudda Anouar, esaterako, Er Ratxidiako (Maroko) herri txiki batean bizi zen. Gurasoei dirua eskatu zien Tangerrera joateko; bertatik Algecirasera (Espainia) joan zen, kamioi batean ezkutatuta. «Ikasle ona naiz, baina Marokon, ikasita ere, banekien ez nuela etorkizunik izango. Han, lanpostu bat lortzeko, ordaindu egin behar da». Gazte horien aurreikuspenen arabera, mugaldeko beste aldera igarotzea da zailena. Horren ondoren, ordea, egoera ez da samurtzen, gizartearen estigmei aurre egin behar baitiete. «Jende askok ondo tratatu nau, baina beste askok uste du etorkin guztiak lapurrak garela», dio Anouarek.

Txaib Lazaari segituan damutu zitzaion migratu izana. Bizkaira iritsi zenean, Berrizko harrera zentrora eraman zuten: «Hara heldu nintzenean Marokora itzultzea pentsatu nuen; zentroko paretak eta leihoak apurtuta zeuden, lurrean egiten genuen lo, elurra egiten zuenean ere bai. Nire buruari esaten nion: Zertan zabiltza hemen? Ez zenuke hemen egon behar».

Gurasoei, ordea, ez zien inoiz gaizki zegoenik esan. «Ez nituen kezkatu nahi. Batzuetan, gezurrik ez esatearren, nahiago nuen etxera ez deitu», dio Lazaarek. Ohikoa da hori etorkinen artean. «Egoera tragikoa izan arren, familiari ondo daudela kontatzeko presio handia dute gazteek, etxean porrot egin dutela pentsatzea ekar dezakeelako egia esateak. Hemen dena ondo doalako ustea elikatzen dugu, baina ez da hala», dio Gorka Saituak. Hain zuzen ere, jatorrizko herrialdeetara heltzen zaien informazio horrek bultzatuta alde egiten dute askok.

Adingabe adindunak

Oudda Anouari ere ez zitzaion ondo joan. Hamazazpi urterekin heldu zen Bizkaira; Zornotzako zentroan hilabete eman ondoren, Artxandako Viverora eraman zuten. Bertan ez dago hezkuntza programarik; Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, larrialdiko zentroa da, bertara bideratzen baitituzte beste harrera zentroetan hartu ezin dituzten gazteak, adindun izateko urtebete baino gutxiago falta zaienean, batez ere.

Etorkinek hamazortzi urte betetzen dituztenean, erakundeek legez eman behar dieten babesa galtzen dute, eta euren kabuz moldatzeko garaia iristen zaie. Bizkaiko Foru Aldundiak, esaterako, Mundutik Mundura izeneko emantzipazio programa dauka: guztiz autonomoak izan arte, etxebizitza eta ikasketetarako finantzazioa ematen diete gazteei. Hala ere, baldintza zehatzak bete behar dituzte bertara sartzeko: zentroren batean gutxienez urtebete ematea eta egonaldiaren azken sei hiletan drogarik ez kontsumitzea edota liskarrik ez izatea. Hortaz, hamazazpi urterekin heltzen diren etorkinak edota jokabide arazorik izan dutenak egitasmo horretatik kanpo geratzen dira.

«Batzuek kalean egin behar izaten dute lo», dio Estibaliz Martinez Hemen programaren koordinatzaileak. Etorkinekin lan egiten duten hainbat elkartek 2007ko urrian sortu zuten egitasmoa, Diputazioaren programetan sartzen ez diren gazteei laguntza emateko. «Galduta etortzen dira, ez dute ezer: bizitzeko, lo egiteko, jateko tokia falta zaie; ez dute ingurunean moldatzeko tresnarik».

80 gazte ingururi eskaintzen die laguntza Hemen programak. Lehenik eta behin, aterpea bilatzen die, bai udal aterpetxetan, bai bestelako elkarteen zentro eta pisuetan. Ondoren, gizarteratzeko ibilbidea zehazten zaio gazte bakoitzari; lan mundura bideratu aurretik trebatu beharra daukate, eta hori da ibilbidearen helburu nagusia. Programa horren barruan dago Anouar: Bilboko udal aterpetxean bizi da, eta elektrizitate ikastaroa egiten ari da. Ez dago pozik: «Ez nuen uste horrelakoa izango zenik; damutu zait etorri izana».

Txaib Lazaar, ordea, hobeto dabil, «pixkanaka». Diputazioaren pisu batean bizi da, eta praktikak egin ostean, enpresa baten lan eskaintzaren zain dago, lan baimena lortu ahal izateko. Etorkizunean hezitzaile izan nahi du, bera bezalako gazteei lagundu ahal izateko. «Hezitzaile batzuk gurasoen antzekoak izan dira niretzat. Baina gizarteratzeko, hemengoek ere beren aldetik jarri behar dute. Ulertu behar dute konponbidea ez dagoela hemen, han behean [Marokon] baizik».

masensio@berria.info

Berrizko zentroko paretak eta leihoak apurtuta zeuden; lurrean egiten genuen lo»

TXaib lazaar

Etorkina

«Ikasle ona naiz, baina Marokon, ikasita ere, banekien ez nuela etorkizunik izango»

ouddda anouar

Etorkina

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)