Larrepetit
Oldea
Berria, , 25-06-2008Hirurogeita hamar etorkin sartu ziren domeka goizaldean Melillan, esan digute egunkariek. Hesi gainetik jauzi egin barik, aurrean zeukaten guztia botaz, oldean sartu zirela eta polizia zenbaiti zauri arinak ere eragin zizkietela. Goizaldeko ordu txikietan harrapaketa saioak izan zirela ondorioztatu dugu lerro artean, polizia eta lapurren jokora jolastu zutela batzuek eta besteek. Lasaitasun mezua helarazi nahi izan digute komunikabideek ordea, poliziak berrogeita hamar iheslari atxilotu zituela handik ordu gutxira. Kotxe azpietan, zakarrontzietan eta zuhaitzetan ezkutatuta.
Telebistarako bideo bat azaldu digute ondoren, harrapatu ez dituzten bi etorkin elkarrizketatzen zituzten bertan. Aurpegia ezkutatu gabe, «mesedez, lagundu» ziotsen ingelesez kazetariei. «Hona oraindik harrapatu ez dituzten etorkin bi» esan du esatariak «poliziari beraien buruak entregatu aurretik».
Eta gu berriak irakurri ostean, lasai-lasai paseatzera irten gara arratsaldean. Gero eta jende gehiago geratzen da etxean domeka arrastietan. Gure herrian umeak eta beltzak baino ez daude kalean.
Bada kasu arraro bat herrian; albinoa den beltz bat. Copito de nieve deitzen diote umeek. Beltzen aurpegiera eta azal zuri-zuria dauka. Bere azalean preso dagoela dirudi, ez zuria ez beltza. Jendeak zoologikoan balego bezala begiratzen dio. «Hara, Copito de nieve eta bere lagunak» esan du ume batek. Hesien barruan irudikatuta ikusten dituzte dagoeneko.
(Puede haber caducado)