Paperik gabeko immigranteak Europan sartzen zituen talde bat desegin dute

Orotara 75 lagun atxilotu dituzte EBko bederatzi estatutan egindako Polizia operazioan

Berria, , 24-06-2008

Erredakzioa

Sei hilabetean mila bat lagun sartu zituzten Europako Batasunean baimenik gabe, eta trukean etorkin bakoitzak 10.000 eta 15.000 euro artean ordaintzen zieten. Hala adierazi dute iturri ofizialek. Orotara 21 eta 48 urte arteko 75 lagun atxilotu dituzte bederatzi estatutan: Alemania, Frantzia, Belgika, Grezia, Herbehereak, Irlanda, Norvegia, Erresuma Batua eta Suedia. 1.300 poliziak hartu dute parte Parisek zuzendutako operazioan. Atxilotu gehienak irakiarrak diren arren, tartean bazen beste herritartasunik zuenik ere. Etorkinak, berriz, Erresuma Batura edo Irlandara bidaltzen zituzten batzuk; eta, besteak, berriz, Suedia eta Norvegiara, Belgika, Herbehereak, Alemania eta Danimarkatik igaro ostean.

Bestetik, dozenaka lagun atxilotu zituzten atzo, paperik gabe Europan sartzen saiatu zirenean. Italiako Lampedusa uhartetik gertu 366 bidaiari zeramatzaten zortzi ontzi atzeman zituzten. Etorkinetatik 30 emakumeak ziren, eta sei adingabeak. Emakumeetako bat, gainera, haurdun zegoen, eta osasun arazoekin eraman zuten erietxera. Mauritaniako kostaldean, beste 55 lagun atxilotu zituzten Kanarietarantz zihoan ontzian. Eta Melillatik gertu, Marokon, Saharaz hegoaldeko 22 immigrante hartu zituzten preso Espainiaren menpeko hirian sartzera zihoazenean. Asteburuan, denera, 78 lagun atxilotu zituzten.

Giza eskubideak eztabaidagai

Europako Batasunak onartu berri duen immigraziorako zuzentarauak eztabaida handia eragin du, bai EBn eta baita atzerrian ere. Izan ere, araudi berriak urte eta erdiko kartzela zigorra aurreikusten du Europan, paperik gabe sartzen direnentzat. Horiek hala, Europako Batzordeak iragarri du legeak giza eskubideen gaineko itunak errespetatzen dituela bermatuko duela. «Zuzentarauak oinarri juridikoa sortzen du atxiloketak legearen arabera egiten direla bermatzeko», azaldu du batzordeko Justizia gaietarako arduradunak. Hego Amerikako agintariak izan dira araudia gehien kritikatu dutenak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)