Bira
Dinopolis
Berria, , 24-06-2008Dinopolis deitzen dio lagun afrikarrak Europari, beti errepikatzen dit kulturgile ofizialek arte fosila eta dinosauroak besterik ez dutela maite. Lagun horrexek pikutara bidali ninduen duela hainbat aste, Bob Dylan ikusteko gogorik ba ote zeukan galdetu nionean. Konono Number 1 entzun nahi zuen berak Bartzelonan, Sonar jaialdian. Bazombo musika rock eta elektronika esperimentalarekin nahasten dituztela esan zidan, Kongoko Errepublika Demokratikokoak direla, ikusgarriak. Ez zeukan dirurik Bartzelonara joateko, ordea. Izan balu ere, ez lituzke kongoarrak ikusiko, ezin izan baitute Sonarren parte hartu, zergatik eta Europako immigrazio politikengatik. Kinshasatik atera ezinda daude joan den hiletik, izan ere, maiatzaren 23an Europako bira hasi behar bazuten ere. Belgikako, Erresuma Batuko, Frantziako eta Suediako kontsulatuetan eskatu dituzte agiriak. Erresuma Batukoan eta Frantziakoan Schengen bisa agindu zieten. Ez da heldu, bistan denez, atzerapen eta aurrerapen zenbait direla medio. Belgikakoan, «bizimodu on eta osasuntsuaren» ziurtagiria eskatu diete. Suediakoan, atzerapen eta aurrerapen jokoan sartu dituzte atzera.
«Dinosauroak baino fosilduago gauzka Europak», esan zidan atzo lagunak.
Bob Dylanek gaur joko du Iruñeko Dinopolis txikian.
(Puede haber caducado)