Zirrikituetatik begira
Penaltietan
Deia, 24-06-2008EZ die futbolak batere axola, baina adi – adi jarraitu zioten joan den domekan irratiari. Esatariek eztarria lehertu beharrean ziharduten baloiaren joan – etorriari begira, eta beraiek lehen eta hirugarren mundua banatzen dituen hesia zelatatu zuten isilean. Kanpotik begiratuta, elkarren antzik ere ez zuten bi egoerek, baina elkarren segidakoak zirela iradokitzen digu errealitateak. Futbol jarraitzaileei bizitza penaltien jaurtiketan zihoakiela pentsa zitekeen, hango garrasi eta zalapartaren erdian esandakoek hil ala bizko zer edo zer gertatzen ari zela aditzera ematen baitzuten. Euforia egoera hori bera Beni – Enzar eskualdetik muga zeharkatzeko baliatu zuten hainbat etorkinek, eta poliziak horietako inork muga zeharkatzea lortu izana ukatu egin badu ere, kontrako susmoak nagusi dira bertan. Gazte horiei, bai, egiazki zihoakien bizitza igande gaueko osteratxoan.
Itsuskeria iruditu zait Europako Txapelketa nagusia jokatzen ari den egunotan hango Parlamentuak inoizko legerik murritzaileena, zikoitzena onartu izana. Futbolak begiak bildu gabe omen gauzka Europara begira, eta hantxe bertan, Europa aberatsaren erdigunean, aberastasuna ez partekatzeko soluzio modukoa begitandu zaie: mugak hamaika giltzekin zarratzea. Gutariko gehienok inmigrante izan gara inoiz, oraingo bizitzan edo geure aurrekoek bizi izandakoetan. Harako edo honako, berdin dio, bizitza hobe baten bila abiatu ginen kasu guztietan.
Salbuespenak salbuespen, egindako bide horrek hobera egiteko balio izan digu. Aberats bihurtu gara, bai, baina ez gara horrelakoak izango betirako. Aberatsak gara orain, krisiak gora – behera, baina laster eskulan askoz gehiago behar izango dugu geure bizimodu eroso honi eusteko. Eta eskuekin lan egiteko prest daudenak oraingoan mugaz bestalde utzi ditugu, hesiaren bestaldean.
(Puede haber caducado)