Dozenaka elkartek Zabaltzeneko langile ohien lana sostengatu dute

Arabako Diputazioak Gasteizko adingabeko atzerritarren zentroan hartutako neurriak «eskasak» direla diote

Berria, Jon Rejado, 21-06-2008

Gasteiz

Hezkuntzaren eta gizarteratzearen alorrean lan egiten duten dozenaka elkartek Zabaltzen zentroko langile ohiei eta bertako adingabeei babesa eta elkartasuna agertu diete. Aurreko astean Arabako Foru Aldundiak Zabaltzen seniderik gabeko adingabe atzerritarren zentroko hezitzaile taldea aldatu zuen. Hasierako helburuak bete ez izana egotzi zien. Horien lana gertutik jarraitu duten dozenaka hezkuntza zentrok, gizarte etxeetako langileek, gizarte langileen elkarteek eta hainbat ikastetxek, ordea, sostengua eman diete.

Hezitzaile ohiei babesa agertu dieten elkarteek gogor kritikatu dute Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Gizarte Ongizatearen Institutuak Zabaltzen zentroan hartutako neurriak. Orain arte hartu dituen neurriak ez direla «eraginkorrak» diote. «Benetako arazotik arreta desbideratzeko erabili dira neurri horiek behin baino gehiagotan». Benetako neurriak epe laburrean hartu behar direla esan dute.

Zabaltzen zentroko hezitzaile ohiek elkarte horien babesa eskertu dute, beren lana bertatik bertara ezagutzen dutela argudiatuta. «Gurekin batera lan egin duten profesionalak dira: hasi haurtzaroko teknikarietatik eta elkarte musulmanetara», nabarmendu dute. Bide batez, gogorarazi dute Zabaltzen zentroa utzi behar izan zutenean langileetako batzuk gaixoaldian zeudela, eta motibo nagusi bat zegoela horren atzean: «Haien heziketa lana gutxieneko baldintzetan egiteko ezintasuna».

Zabaltzen, etorkizun iluna

2003. urtean ireki zuten Zabaltzen zentroa, Gurutze Gorriko eraikinean, eta 2008. urtera arte hitzartutako oheak hamabi ziren. Gaur egun, ordea, 36 adingabek egiten dute lo bertan – hainbatek lurrean – . Aldundiak azken hilabeteetan bertan bizi direnen baldintzak hobetzeko baliabideak egokitu ditu, baina arazoa oinarritik bertatik datorrela deritzote kritika egin duten elkarteek zein Zabaltzeneko langile ohiek.

Baldintza horiek hobetzeko zentroaren erabiltzaile kopurua mugatzea ezinbestekoa dela diote. Adingabeen zentroan sartzen ez direnak beste zentro batera edo modu egokiagoan artatuko dituen beste zerbitzu batera bideratzea proposatzen dute elkarteek. Bide batez, adingabeen baldintzak hobetzeaz gain, hezitzaileen lan baldintzak ere kontuan hartzeko beharra nabarmendu dute. «Zabaltzeneko hezitzaileek baldintza penagarrietan lan egiten dute».

Arabako Auzitegiko fiskal nagusi Josu Izagirrek berak neurriak hartzeko beharra dagoela ondorioztatu du aste honetan. Zabaltzenen baldintzak hobetzeko «berehalako» hobekuntzak eskatu dizkio Arabako Aldundiari zentroaren egoera «penagarria» zuzentzeko. Zentroaren egoera hain da eskasa fiskal nagusiaren ustez, non aztertzen hasi baita Zabaltzen ixteko zer aukera egon daitezkeen.

Uztailaren 1ean Covadonga Solaguren Gizarte Politika diputatuarekin bilera egingo du egoeraren inguruan eztabaidatzeko. Arabako Foru Aldundia, Zabaltzenen tokia hartuko duen zentro berrian ari da lanean. Zentro berri horrek elkarteen, inguruko bizilagunen zein Zabaltzeneko hezitzaile ohien kritikak jaso ditu. Kokapena zein baldintzak ezegokiak direla deritzote.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)