Euskal Curriculuma: Kultur aniztasunaren trataera
Berria, , 19-06-2008Migrazioak, Euskal Herrian fenomeno zaharra izan arren, egun dauzkaten ezaugarri berriak lehendik bazeuden aniztasun iturriei gehituz, gure eskoletan ere eragin nabarmena izaten ari dira. Fenomeno berri honek ekarritako aldaketei nola ekin, lehentasunezko erronka bihurtu da «mendebaldeko» herrialdeetako hezkuntza arduradunentzat.
Euskal Herriari dagokionez, Euskal Curriculumak erronka honi egoki erantzuten jakin beharko du, etorkizuneko herritarra, jendartea, nolakoa nahi dugun izatea irudikatzen duen tresna eraginkorra izango bada.
Eskolak eraiki nahi dugun jendartearen isla izan behar du, eta alderantziz. Esan beharrik ez dago, eraiki nahi dugun jendarte horren herritar orok bere eskubide guztiak, zibilak, sozial, politiko zein kulturalak bermaturik izan beharko dituela, berdin bere jatorria zein den eta, jakina, bere identitate sentimenduari uko egiteko behartuta egon gabe. Hori horrela izateko bide bakarra dago, eta bide hori elkarren aitortzan eta errespetuan baino ezin da oinarritu. Euskal Herria nazio gisa, bere hizkuntza, bere nortasun eta bere kultura propioarekin onartua izan dadin exijitzea erabat zilegi da, baina exijentzia horrek Euskal Herritik kanpo gurera datozen pertsonek ere euren historia, nortasuna, hizkuntza eta kultura badauzkatela onartu eta errespetatzera eraman behar gaitu, zalantzarik gabe.
Elkarren aitortzearen filosofia berdina gure hezkuntza sistemak islatu behar du. Hurrengo urteetarako erronka, besteak beste, estatu frantses zein espainolak inposaturiko eskola eredu asimilazionista, uniformatzaile eta paternalista batetik, denon artean egindako eskola kultur-anitza, plural eta inklusibo baterako bidea betetzea izango da.
Egia da, egun, bide hori jorratzeko errezeta magikorik edo berez didaktika kultur-anitz gisa har genezaken eredu zehatzik ez dagoela esan daitekeela. Euskal Curriculuma, horretarako, paregabeko tresna badugu ordea.
Batetik, curriculuma osatzeko «inoiz bukatu gabeko» prozesu horretan, helburu, eduki, metodologiak eta estrategiak definitzerakoan berrirakurketa kritikoak behin eta berriro egiten ahaleginduz, gure ikasleriaren jatorrizko kulturak eta hizkuntzak aintzat hartuz, baloratuz eta balioetsiz eta, aldi berean, topiko, estereotipo eta aurreiritziek sortutako jarrera diskriminatzaileak ekidinez.
Bestetik, eskola benetan plural, demokratiko eta parte-hartzailea gauzatzeko, hezkuntza komunitatea osatzen duten pertsona guztiei eskola kudeaketa eta antolaketari buruzko erabakiak hartzeko eskubidea bermatuz. Pertsona migratzaileei ere, gure jendarte eta gure hezkuntza sistemaren parte diren heinean, ijitoei edota beste gainontzeko giza taldekideei bezala.
Hori da, beraz, gure konpromisoa eta, seguru gaude, denon inplikazioa eta lanarekin, arlo horri dagokionez ere, Euskal Curriculuma praktika aitzindari eta eredugarri bilakatzea lortuko dugula.
Marcos Nanclares Hermosa. Anitzak-eko kidea
(Puede haber caducado)