Bira

'Zortalde'

Berria, Amagoia Iban, 19-06-2008

Pekinera joan nahi duen arraunlariaren ibilerak jarraitzen zituen telebista kamerak, Hondarribian, batel txiki batean kateatu zuen objektiboa. Txapela buruan, gizon edadetu batek gidatzen zuen eguzkipean, arraunean hura ere. Bateltxoaren izena zuen poetikoena irudiak: Zortalde. Sortalde ez, Zortalde.

Zorrak sortzen diren aldekoak garela pentsatu nuen, inorekin zorretan sentitu beharrean besteak zordun sentiarazteko egin ohi dugula arraun. Pentsamenduok berretsi nituen atzo, Europako Legebiltzarrak immigrazio zuzentarau lotsagarria onartu berri zuela jakitean. Kolono garaietan zibilizazioa, aurrerapena zor zigutela esan ohi genien, gure zorrak kitatzeko eta zordun gehiago sortzeko euren aberastasunak xahutu bitartean. Paperak zor dizkigutela esaten dugu orain, gure zorrak kitatzeko eta zordun gehiago sortzeko euren aberastasunak xahutzen segitu bitartean. Lan merkatua merkatzeko eta ekoizpen sistemaren katea inoiz eten ez dadin beharko ditugunen zenbakia zehazten ematen dugu denbora. Paperak dauzkatenek, azken batean, lanpostua zor digute. Paperik gabekoek ere bai, noski, lanik ez dutela egiten esan ohi dugun arren.

Zortalden, izan ere, besteren zorrak ez ditugu behin ere ezkutatzen. Geure gezurren zordun garelako.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)