HIz PI DeaK

Kiribati

Berria, Koldo Aldabe, 19-06-2008

kaldabe@berria.info

Kiribatiko biztanleek etsi egin dute. Haien patua desagertzea dela diote klima aldaketan adituak direnek, eta ez dute mende erdia ere iraungo. Hego Pazifikoko uhartedi hori, irla bolkaniko batez eta 33 atoloiz osatutakoa, itsasoko urek irentsiko dute, duela urte gutxi hango bi atoloirekin gertatu zen moduan.

Egoerak atzera bueltarik ez duela ikusita, Errepublikako lehendakari Anote Tong-ek bira bat abiatu du munduko hainbat lekutara, bere herria adoptatuko duen herrialde-ordeko baten bila. Helburua, noski, bertako 105.000 herritarrek herri izaten jarraitzea da. Oraingoz, Zeelanda Berriko Gobernuak baino ez du hitzeman gaia aztertuko duela.

Jai dute Europaren zain badabiltza. «Gerrarik ez!» oihukatu zuten herrialdeek ere apenas 100.000 irakiarri eman dieten babesa; Siriak, berriz, milioi eta erdi inguru jaso ditu.

Kiribatiko biztanleek, orain, urte eta erdiko egonaldia baino gehiago ezingo dute egin Europa honetan, atxilotuta, zentro berezietan. Hori bai, egunen batean, euren lurrak itsasoak hartuko balitu, han joango litzateke laguntza humanitarioa, dela jana, direla inora eramango ez dituzten gomazko txalupak.

Bai, Europako Legebiltzarrak berretsi duen egitasmoak immigrazio ilegala dauka jomugatzat, eta ikusi beharko litzateke kiribatiarrak legez edo legez kanpo iritsiko liratekeen.

Baina azken asteotan erakutsi duten Europak ez du ezer ikustekorik promes egindako Europarekin. Jada ez ditugu kanpotarrak behar esklabo lanetan aritzeko, aurki bertakoak izango baikara esklabo, eta pozik egon beharko, gu ez gaituztelako kontzentrazio esparruetan edukiko eta ez gaituztelako kanporatuko bost urtean itzultzeko eskubiderik gabe. Eskubideak kendu dizkiegu besteei, baina geureak ere galtzen utzi ditugu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)