asTeBuruKo ProPosamenaK
Kultura arteko topaketak
Agurain eta Legutio Kultura ezberdinen topalekua izango dira asteburuan
Berria, , 19-06-2008anakoz amenabar
Agurainen eta Legution kulturen arteko jaialdiak egiten ari dira egunotan. Alai elkarteak antolatuta, gaur hasi eta larunbatera bitartean, kultura ezberdinak ezagutzeko aukera izango da Agurainen. Legution, berriz, bihar hasi eta etzi amaituko dira ekitaldiak. Kale antzerkia, kalejira, musika, jokoak eta hainbat herrialdetako platerak dastatzeko aukera ez dira faltako bietan.
Emakume etorkinak izango dituzte ardatz aurten Agurainen. Jaioterria atzean utzi behar izan duten hainbat emakumeren esperientziak entzun ahal izango dira gaur, herriko udaletxean, 18:00etan antolatutako mahai-inguruan. Bihar, 22:30ean hasita, aferaren inguruko zine emanaldia izango da Zapatari kalean, Alai elkarteak duen plazatxoan.
Legution, bestalde, aste osoan izan da ikusgai argazki erakusketa bat, jendeari beste kultura batzuk agertzea helburu duena. Bihar, askari batekin hasiko dituzte ekitaldi nagusiak, 20:00etan. Eta, haren ostean, Gesala musika taldeak alaituko du gaua.
Larunbatean ospatuko dituzte kulturen arteko jaialdiaren festa nagusiak Agurainen eta Legution. Perkusio taldeekin emango diete jaiari hasiera, bi herrietan, 12:00etan. Eta egun osoan izango da non gozatu. Musika eta dantzarekin batera, hainbat tailer prestatu dituzte kulturak bertatik bertara ezagutzeko. Afrikako dantza, sabel dantza edota arabiar idazkera praktikatzeko txokoak prest izango dira.
Kultura ezberdinetara gerturatzeko asmoarekin, Arabako hiriburuan ere, aurreko asteburuan beste hainbat txokotan ospatutako Arrozen festa ospatuko dute larunbatean. Eguerdian ekingo diote arroza prestatzeari, munduko jolasak ezagutu eta horma-irudi berezia margotzearekin batera. Herri bazkariaren ostean, kale animazioko ekitaldi ugari izango da. Txiki Tostado eta Josean de Miguelen poesiak, Ekialdeko dantzak edota Afrikako dantzak izango dira, besteak beste.
Zer: Kulturen arteko festa. Noiz: Igandera arte. Non: Agurain, Legutio eta Gasteizen.
(Puede haber caducado)