EBren zuzentaraua arbuiatu dute mundu zabaleko agintari eta taldeek

Paperik gabeko etorkinak kanporatzeko legediak 367 aldeko boto jaso ditu, 206 kontra eta 109 abstentzio

Berria, e.r., 19-06-2008

Latinoamerikako eta Afrikako 44 herrialdek «giza eskubideak urratzeko arau saioa» gaitzetsi dute Europako Batasuneko estatuetako ordezkariei bidali dieten gutunean. Testuaren aurkako beste ahotsek bezala, ez dute lortu Europako diputatuen jarrera aldaraztea. Manfred Weber legebiltzarkide kontserbadorearen hitzetan, arrazoiaren garaipena izan da. Hala ere, Estrasburgoko Legebiltzarreko gehiengo zabaletik haratago, kritika gogorrak amildu dira direktibaren aurka mundu osoan.

Sozialistak asaldatuta agertu dira, hainbatek hitzarmena sostengatu badute ere. Claudio Fava Italiako Alderdi Sozialistako legebiltzarkidearen hitzetan, «aberrazioa» da paperik gabeko etorkinak hemezortzi hilabete arteko epean atxilotzea baimentzea. Martine Roure alderdikideak testua «onartezina» dela salatu du, familiarik gabeko adingabeak loturarik ez duten estatuetara deserritzea utziko duelako. Willy Meyer Ezker Batuko Europako diputatua «lotsatuta» agertu da zuzentaraua onartu dutelako. «Ez dut Europa hau ezagutzen, administrazio atxiloketa berreskuratuta zortzi miloi pertsona kanporatu nahi dituena».

BOLIVIAK HELEGITEKO ASMOA. Jacques Delors Europako Batzordeko presidente ohiak «neurrigabekoa» iritzi dio erabakiari, eta, Amnesty Internationalen ustez, zuzentarauak ez du immigranteen itzulera duina ahalbidetzen. Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioak salatu du atal batzuk bateraezinak direla estatuek giza eskubideekin duten betebeharrekin. Ildo berean, SOS Arrazakeriak lotsagarria dela salatu du. Maiatzeko Plazako Amen hitzetan, «basatia eta diskriminatzailea da» immigrazio zuzentaraua. Europako Abokatu Kontseilua aurka ere agertu da, eta Bolivia auzitara eramatea aztertzen ari da. Kataluniako 30 alderdi politiko eta elkarteek salatu dute giza eskubideen urraketa zilegitu eta luzatzen duela zuzentarauak.

 

 

EusKaL ALDerDIaK

Jarrera ezberdinak. EAJko Europako diputatu bakarra, Josu Ortuondo, abstenitu egin da bozketan, eta Mikel Irujo EAkoak «ezezko borobila» agertu dio zuzentarauari. Bestalde, ELA sindikatuak salatu du oinarrizko eskubideak urratzen dituela.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)