Europako Legebiltzarra zatituta dago gaur bozkatzekoa den immigrazioaren direktiba dela eta

Paperik gabekoak hemezortzi hilabetez atxilotuta egotea baimenduko luke

Berria, kristina berasain, 18-06-2008

Europako Batasuneko Barne ministroek hilaren 5ean onartu zuten direktiba proposamena atzera bota dezake gaur Europako Legebiltzarrak; izan ere, estatu kide guztiek paperik gabeko immigrazio legedia bateratzea xede duen direktiba bozkatuko dute gaur eurodiputatuek, eta atzoko eztabaidan agerian gelditu zen jarrera ezberdinak daudela araudiaren harira. Europako popularrek eta liberalek direktibaren alde egingo dutela jakinarazi dute, eta, eskuineko gainontzeko eurodiputatuek ere proposamena sostengatzen badute, litekeena da neurriak aurrera egitea. Ezkerreko alderdiak direktibaren kontra daude eta, alde horretatik, sozialisten esku egon daiteke giltza. Europako Alderdi Sozialistak ez du zehaztu oraindik botoaren zentzua, eta estatu kideetako sozialisten artean jarrera ezberdinak daude.

Paperik gabeko immigranteak, gehienez ere, hemezortzi hilabetez atxilotuta izatea baimenduko luke direktiba berriak, eta, gero, kanporatuak izan litezke etorkinak, berme juridikorik gabe. Bost urtetan ez lukete izango herrialde horietara itzultzeko aukera. Berez, lan eta egoitza baimenik gabe dauden immigranteak sei hilabetez atxilotzeko aukera jasotzen du direktibak, baina atxiloaldia hemezortzi hilabetera arte luzatu ahalko da «kanporatze prozesua lankidetza faltagatik luzatzen den kasuetan» edo «jaioterria ez den beste herrialde batera bidaltzeko dokumentazioa lortzen ez den kasuetan». Europako Batasunera bakarrik iristen diren adingabeak «azken aukera moduan eta ahalik eta epe laburrenean» bada ere, atxilotzeko aukera izango dute estatu kideek direktiba aurrera ateratzen bada. Testuak, aldi berean, kontrol judiziala murriztea aurreikusten du.

Europako Legebiltzarrean gaur bozkatuko den direktiba hiru urteko negoziazioen ostean etorri da, eta estatu kideen legeria bateratzea du helburu. Orain arte, estatu kideek legeria propioa izan dute, paperik gabeko etorkinen egoera arautzeko. Europako Batzordearen arabera, egun hemezortzi milioi etorkin daude erregistratuta Europan – populazioaren %3,7 – . Paperik gabeko immigranteen kopurua jakitea, berriz, ezinezkoa da. Estatu kideek, bestalde, 20.000 immigrante inguru dituzte atxilotuta egun, askotan baldintza txarretan.

Direktibaren inguruko desadostasunek, beraz, kolokan jar dezakete gobernuz kanpoko erakundeen artean kezka handia eragin duen direktiba. Popularraren hitzetan, immigranteen oinarrizko eskubideak bermatzen ditu direktibak. Agustin Diaz de Merak uste du «urrats irmoa dela, ezinbestekoa den politika bateratua lortzeko». Jeanine Hennis – Plasschaert liberalaren arabera, testua «ez da perfektua», baina «norabide zuzenean doa». Liberalen artean, alta, bada neurriaren kontra dagoenik.

SOZIALISTEN ZUZENKETAK. Sozialistek, berriz, zazpi zuzenketa aurkeztu dituzte, tartean gehienezko atxiloaldia sei hilabetekoa izatea bermatuko lukeena. Zuzenketak onartu ezean, direktibaren kontra egingo dutela ohartarazi dute hainbat sozialistek; betiere, alderdiak jarrera bateratua ez duela zehaztuta. Dragutin Mate Esloveniako Barne ministroak – txandakoa – , baina, testuan ez dutela aldaketarik onartuko adierazi du direktiba hainbat herrialdek onar dezaketenaren mugan dagoela argudiatuta.

Berdeek eta ezkerrak «lotsagarritzat» jotzen duten direktibaren kontra egingo dutela aurreratu dute. Europatik zortzi milioi lagun kanporatzeko bidea ere eman dezakeela salatu dute, halaber.

Amnesty International eta bestelako gobernuz kanpoko erakundeek ekimenaren kontra agertu dira, giza eskubideak urratzen dituela salatuta. Munduko Medikuak Europako Legebiltzarrera eskutitz bat igorri du, proiektua baztertu dezan eskatzeko: «Europa tolerantea eraikitzeko bidean atzera egitea da, nazioarteko araudia urratuko litzatekeelako».

Europako Batzordea, bestalde, araututako immigrazioa sustatzeko hainbat proposamen aztertzen ari da, tartean populazio defizitari aurre egiteko: 2040. urtean 40 milioi lagun beharko dira.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)