Paper artean
Berria, , 18-06-2008Said El Mahfoudi? Zeu zara? Bai. Marokoarra? Bai. Hogeita bi urte? Bai.
Administraziotik hona hurreratzeko gutun hau bidali genizunean, berri on bat emateko baino ez zen. Zera, zure aberrira diruarekin bueltatzeko aukera ematen dizugula, esan dio administrariak bere aurrean buru – makur daukan gazteari. Lana utzi, langabezian sartu eta egoiliartasun baimenari uko egitea da egin behar duzun bakarra. Eta begietara ia begiratu gabe, orri batzuk jarri dizkio aurrean, boligrafoa ondoan sinatzeko prest. Said mutu geratu da, ez gaztelera ulertzen ez duelako, administrazioko hizkuntza gotor hori. Egoiliartasuna izan zen Rabatetik irten aurretik ikasi zuen lehen hitza, eta ez du oraindik ondo ulertu zergatik uko egin behar dion bat – batean, lortzeko hainbeste oztopo izan zituen paper zati horri.
Zergatik? baino ez zaio atera ezpainetatik. Zelan, zergatik? Orain arte langabezian kotizatutako diru guztia emango dizugu, zure kasuan mordoxka bat, diru horrekin Marokora bueltatu eta bertan nahi duzuna egin dezazun. Negozio bat jarri edo zeuk ikusiko duzu… Hori bai, diru horren truke agiri pare bat sinatu beharko diguzu, non baieztatzen duzun ez zarela datozen hiru urtetan Europako beste inongo herrialdetara lan bila etorriko. Ados?
Eta boligrafoa seinalatu dio berriz administrariak, harriak baino geldiago geratu den mutilari.
Arren, sinatu ezazu azkar ditxosozko papera, esan dio berriz keinu urduriz. Zu bezala beste milioi bat etorkin bideratu behar ditugu eta. Ohartuko bazinate, zenbat lan ematen diozuen Administrazioari!
(Puede haber caducado)