Errefuxiatuak Barajasen

Berria, kaldabe@berria.info, 10-06-2008

‘Ustezko’ – z jositako berri bat iritsi zaigu Espainiako hiriburuko aireportutik. Hedabideen on line edizioak ugaldu eta azkartu zirenetik EFE agentziak bizkortasuna galdu badu ere, oraingoan besteei aurreratu zaie, eta horregatik izango da. Besteek haren atzetik abiatu, kopiatu eta itsatsi egin, eta agentziaren bertsioa erreproduzituko zuten. Gerora, lehen bertsioaren jarraipena, ustezko – z beterik.

Barajasen babes politikoa eskatu duten bost iheslari kurduren kasua, hain zuzen ere. Zeinek Espainiako Poliziaren tratua haragitan dastatu baitute. Edo, berriek dioten bezala, ustezko agenteek ustezko iheslariei ustez eginiko tratu ustez txarrak. Eta bertsio ofizialak: erasorik egon baldin bada (sic), kurduak dira erasotzaileak; zegokien hegaldia hartzeari uko egin zioten eta «menderatu» egin behar izan zituzten.

Kurduek, baina, asilo eskaera tramiterako onar diezaieten lortu dute, eta euren bertsioa eman ahal izan dute, ustezko – rik gabe, gordin.

Eta ikusi da zer – nolako tratua jasotzen duten inoren lur ez den horretan. Baita Siriako erregimenetik ihesi doazenek ere. Ukabilkadek eta borra kolpeek ez dute bereizketarik egiten.

Hainbeste diru xahutzen dute eta hainbeste esfortzu egiten dituzte Siria, Iran eta beste deabrutzeko, baina handik ihesean doazenek ez dute tratu hoberik jasoko iristen diren lekuan. Are, saioa egin eta agerian geratu direnek, kartzela – gutxienez – irabazita eduki arren, arrisku handia dute berriro erregimen haien eskuetara itzul ditzaten.

Kurdu hauen kasua bezala. Baina nola utziko diete Espainian geratzen, eskuak bizkarrean lotuta zeuzkatela «poliziak jipoitu» bazituzten?

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)