Zabaltzen zentroko etorkin adingabeentzat «baldintza duinak» eskatu dituzte
Berria, , 10-06-2008Gasteiz
Gasteizko Zabaltzen seniderik gabeko atzerritar adingabeen zentroaren «egoera eskasa» salatu du bertako hezitzaile taldeak. Duela lau hilabete egoera salatu zutenean Aldundiak hobekuntza batzuk egin zituen arren, egoera ezegokia da oraindik ere, hezitzaileek azaldu dutenez. «Gutxieneko duintasun baldintzetan» bizi daitezen zentro berri bat irekitzeko beharra azpimarratu dute, betiere adingabeak «egokitzea» berma dezaketen baldintzak dituen eraikin batean.
Zabaltzen zentroak, 2003. urteko ekainean zabaldu zenean, hamabi adingabe izateko helburua zuen, baina gaur egun hogeita hamasei bizi dira bertan. Hezitzaile taldearen ustez, zentroaren «behin – behinekotasuna» ezin da gehiago luzatu. Azpiegitura aldetik dauden gabeziak azpimarratu dituzte hezitzaileek: ur bero kopuru mugatua duten bi dutxa, lau komun, isolatze termikorik gabeko eraikina… Egungo zentroa itxi behar dela deritzote.
Seniderik gabeko atzerritar adingabeen zentro berriaren inguruko eztabaidan haien iritzia eman dute ere Zabaltzeneko hezitzaileek. Aldundiak aukeratu duen eraikinak beharrezko baldintzak ez dituela deritzote. Lehenik eta behin Molinuevo Fundazioko eraikina Alde Zaharreko gune ezegoki batzuetatik gertuegi dago eta «ez du laguntzen txertatze prozesuan». Alde Zaharreko etorkinak «erreferentzia taldetzat» har ditzakete haiekin lan egiten duten hezitzaile taldeak hartu beharrean. Bestetik, zentroak hartuko dituen adingabe kopurua, hogeita lau guztira, lan egokia egitea zailtzen du. Azken erabaki hori hezitzaile taldeak proposatutakoaren kontra hartu dela azpimarratu dute.
Egoera konpontzeko alde guztiekin hitz egiteko eskatu diote Arabako Foru Aldundiari. Hala, Zabaltzen zentroa bost urtez kudeatu duten salestarrek datorren astean utziko dute. Erabaki horren oinarriak Aldundiarekin akordioa lortzeko ezintasuna dago hezitzaileen ustez.
(Puede haber caducado)