Lapurren pasaportea
Berria, , 07-06-2008Zein lapur nahiago duzu, kanpokoa ala etxekoa? Bietako zeinek egingo lizuke minik handiena etxean lapurtuko balu: ezezagunak ala semeak?». Darwin Suarezek ez du dudarik egin: «Nahiago, bat ere ez. Eta minik handiena, semeak. Kontua ez da kanpoko lapurrez inguratuta bizitzea, lapurrez inguratuta bizitzea baizik, horiek etxekoak zein kanpokoak izan».
«Bai, hori inori ez zaio gustatzen, ezta lapurrei beraiei ere!», Nelsonek barreka. «Kanpoko gaizkileak espetxeratu egiten dituzte, eta gero kanporatu. Zergatik ez jarri hemengoei ere zigor bikoitza? Kartzela eta gero, epe jakin batean desterratu. Edo herritartasuna kendu. Hemengoek ez badituzte hemengoak errespetatzen, hemengoak izatea merezi ote dute?». Horrela paranoia sortuko litzatekeela esan dio Darwinek. «Ba, horixe dugu orain, baina soilik kanpokoen artean».
Jendea eguzkitan dago Alderdi Ederren. Alde zaharrerantz segitu dute. Telefono publiko batean emakume bat dago, hizketan. «Hirurogei euro nahikoa dira ala plata gehiago behar duzu?».
Darwinek autobusean entzundakoa azaldu dio Nelsoni. Etorkinak osasun zerbitzuez aprobetxatzen ari direla esan du gizon batek, ospitaleetan oherik ez dagoela hemengoentzat. «Hori pentsatzea ere… Etorkinak gazteak gara oraindik. Kontuak atera 30 urte barru, erretiroa hartzean. Ostikoka aterako gaituzte erietxetik. Gainera, Jaurlaritzak gastu sozialean Europak baino gutxiago gastatzen du; hori esan du sindikatu batek. Hala segituz gero…». Eta Darwin Osakidetzaren 25 urteak ospatzeko festaz gogoratu da. «Noski, dena ez dago txarto, baina… Bizilagun bati besikula kendu zioten duela bi aste; 48 ordu pasatu ez, eta etxera bidali zuten, artean oinazetan zegoela».
Nelsonek etxe aldera egin du eta Darwin Suarez Bretxara hurbildu da. Emakume batek ama zahar etxearen atean abandonatu duela irakurri du kioskoan. Beste albiste batean espainolezko hezkuntza sistemaren aldeko artikulu bat ikusi du. Eta Mikelek esanikoa gogoratu du: «Elebakarren diktadura da. Askatasuna aldarrikatzen dute, baina gero haien praxi linguistikora makurrarazten gaituzte». NBEk elikadurari buruz egindako bilera dela eta, Eduardo Galeanoren hitzak etorri zaizkio gogora: «Zer mundu da hau autoei jaten emateaz pertsonei jaten emateaz baino gehiago kezkatzen dena?».
Zineman sartu aurretik zigarroa piztu du. Ondoko telefono publikoan emakume bat dago, itxuraz hegoamerikarra. «Kontrola zaitez, kontuz ibili». Ekuadortarra da, baina haren doinua ez da Quitokoa. Darwin Suarezek egutegia atera du karteratik Montañitako argazkia ikusteko. Arnasa hartu eta Pazifikoko kresala usaindu du. «Zaindu eta agurtu aita eta aitona». Gustura hitz egingo luke harekin, ezagutu ez arren. Mikelek barre egin zion behin: «Kalean aurkitzen dituzun ekuadortar guztiekin hitz egin behar duzu ala?». Euskaldun indibidualistak.
Filmaren amaieran aitak semea hil du, hura ospitaleko zainketa berezien gelan dagoela. «Horrela ez du zahar etxearen atean botata utziko». Irtetean andre ekuadortarrak telefonoan segitzen du, hizketan.
(Puede haber caducado)