Parlamentuak berretsi beharko du orain EBk adostutako paperik gabekoen zuzentaraua
Ebazpen judizialik gabe paperik gabekoak atxilotzeko aukera jasotzen du zuzentarauak
Berria, , 06-06-2008EB Europako Batasuneko Barne ministroek paperik gabeko etorkinen gaineko zuzentaraua onartu dute. Besteak beste, hemezortzi hilabeteko gehienezko atxiloaldia eta ebazpen judizialik gabe atxilotze aginduak emateko aukera jasotzen du adostutako arau berriak. Alabaina, neurri horiek guztiak indarrean jarriko badira, Europako Parlamentuaren oniritzia jaso behar dute lehenengo. Eta diputatuen artean zuzentarauaren alde eta aurka egiten dutenen arteko zatiketa da nagusi. Hilaren 17an egingo duten saio parlamentarioan erabakiko da, hortaz, Europako Batzordeak onartutako proiektuak aurrera egingo duen.
Ministroen proposamenari zuzenketak aurkeztu ahalko dizkie eurodiputatuek; horregatik, Parlamentuko eztabaida ez da tramite hutsa izango. Elkarrekin erabakitzeko prozedura medio, Batzordeaz gainera, Parlamentuaren adostasuna ezinbestekoa izango da zuzentaraua indarrean jartzeko. Alabaina, adostasuna lortzeko luze eztabaidatu beharko dute legebiltzarkideek. Diputatu sozialista gehienak, paperik gabeko etorkinen gaineko neurriak gogortu baino ez direla egingo iritzita, zuzentarauaren aurka agertu dira. Alderdi Popularrean eta liberalen artean ere zatiketa da nagusi; askok Batzordearen proposamenaren alde egiten badute ere, beste hainbatek aurka bozkatuko dutela adierazi dute. Azkenik, Berdeak eta Ezkerra Batuak talde parlamentarioko diputatuak zuzentarauaren aurka agertu dira.
Zatiketa nagusi bada ere diputatuek zuzentaraua onartuko dutela uste du Dragutin Mate Esloveniako Barne ministroak. Hala ez bada «dena berriro hasieratik» egin beharko dela ohartarazi du.
DOAKO LEGE LAGUNTZA EZTABAIDAGAI. Ministroek luze eztabaidatu dute etorkinei abokatuen laguntza doan emateko proposamenaren gainean. Hainbat herrialde, tartean Alemania, Austria eta Grezia, gastuak bere gain hartzearen aurka agertu dira. Adostasuna lortzeko xedez, herrialde bakoitzaren esku utzi dute neurri hori indarrean jartzeko aukera. Horregatik, Europako Batzordean onartutako zuzentarauan ez da obligazio moduan jasotzen paperik gabeko etorkinei lege laguntza doan ematea, baizik eta herrialde bakoitzari barne araudian halakorik jasotzeko aukera ematen die.
Europako Parlamentuan, ordea, etorkinei doako lege laguntza ematearen aldekoak dira gehienak. Baliteke Batzordearen proposamenari zuzenketak aurkeztea horregatik.
zuzenTarauaren PunTu GarranTzITsuenaK
Atxiloaldia. Paperik gabekoen gehienezko atxiloaldia sei hilabetekoa da. Hala ere, epe hori hemezortzi hilabete arte luzatzeko aukera aurreikusten da bi kasutan: atzerritik beharrezko dokumentazioa lortzeko zailtasunak daudenean eta etorkinek bere itzultzea errazten ez dutenean.
Adingabeak. Adingabeak eta seme – alabekin migratutako familiak beste «aukerarik ezean» atxilotuko dituzte, «ahalik eta epe laburrenean». Adingabeak bakarrik badaude, kanporatu ala ez erabakitzeko haien «interesa» kontutan hartuko da.
Borondatezko itzultzea. Paperik gabeko etorkinak 30 egunen buruan atera beharko dira Europako Batasunetik «beren borondatez». Segurtasuna arriskuan dagoen kasuetan, epe hori zazpi egunekoa izango da.
Itzultzeko debekua. Paperik gabeko etorkin kanporatuei Europako Batasunera itzultzeko debekua ezartzen die zuzentarauak. Kanporatu eta bost urte arte ezingo dira legez EBn sartu berriro.
Nazioarteko hitzarmenak. Paperik gabekoen aberriratzea errazteko beste herrialdeekin nazioarteko hitzarmenak sinatu beharra nabarmentzen da.
Lege laguntza. EBko estatu bakoitzaren esku egongo da paperik gabeko etorkinentzat doako lege laguntza eman ala ez erabakitzea.
(Puede haber caducado)