Italiako ijitoek xenofobotzat jo dituzte Gobernuak haien aurka hartu nahi dituen neurriak
Kanpamenduetan bizi diren ijitoen errolda osatu nahi du, besteak beste, Berlusconiren gobernuak
Berria, , 31-05-2008«Ijitoen larrialdiari» aurre egiteko Erroma, Milan eta Napolesko prefektuei botere bereziak aitortzen dizkien legea onartzekotan da Italiako Ministroen Kontseilua. Lege horren barnean martxan jarriko duten lehenengo neurria, berriz, kanpalekuetan bizi diren ijitoen errolda «zehaztasunez» osatzea izango da. Alabaina, ijitoek xenofobotzat jo dituzte neurri horiek; horregatik, datorren ekainaren 8an manifestaziora deitu dute. «Iraganean jasan genuen genozidio kulturalean bihurtzeko zorian da Italian zabaldu den isiltasun errudun eta delitugilea», adierazi du Alexian Santino Spinelli ijitoen aldeko Them Romanto erakundeko arduradunak.
«Urte honen bukaerarako ijitoen kanpalekuen auzia konponduko dugu. Horrek legea betearaziko dugula esan nahi du», azaldu du Roberto Maroni Barne ministroak. Horren ustez, ijitoen kanpaleku gehiegi daude. Iturri ofizialen arabera, Italian 152.000 ijito inguru bizi dira. Horietatik %37k Italiako naziotasuna dute, eta %50 haurrak eta nerabeak dira, gehienak Italian bertan jaioak.
IJITOEN KRIMINALIZAZIOAREN AURKA.Ijitoen kanpalekuetan «egoera tamalgarrian bizi den jende on ugari dagoela» uste du Maronik. Gehienak adin gabeak dira. «Ez ditugu induskagailuekin kanpaleku guztiak botako. Baina, arazoari irtenbide bat eman behar zaio».
Gutxiengo etnikoen auzia konpontzeko komisario bereziak izendatuta halako taldeen aurkako bazterkeria indartu baino ez dela egiten salatu dute Italiako gobernuz kanpoko erakundeek eta nazioarteko beste hainbat taldek. Amnesty Internationalek eta Difamazioaren Aurkako Ligak, besteak beste, banakoen erantzukizunaren printzipioa ez errespetatzea leporatu diote Gobernuari. «Naziotasuna, etnia eta jatorria irizpidetzat hartuta lege bereziak sortzea kezkagarria da».
Bestalde, Najo Adzovi Erromako ijitoen kanpaleku handienaren arduradunak lege dekretuaren asmoak salatu ditu. «Errolda iruzur hutsa da, jendea beldurtzeko eta kanporatze masiboak egiteko aitzakia». Ijitoek babesgabeen taldea osatzen dutela salatu du Adzovik. Neurri hauek egoera hori areagotu egiten dute.
(Puede haber caducado)