Jaso baino gehiago ematen dute etorkinek gizarte zerbitzuetan, EAEn jasotako datuen arabera

Bakeaz erakundeak bertan behera bota ditu ikerketa batean immigrazioari buruzko aurreiritziak

Berria, maite asensio, 25-05-2008

Bilbo

Etorkinek zerbitzu publikoetan kotizatzen dutena baino gehiago gastatzen dutela dioen ustea, «eutsiezina» eta «errotik gezurrezkoa» dela adierazi zuen atzo Joaquin Arriola EHUko Ekonomia Aplikatuko irakasle eta Bakeaz erakundeko ikertzaileak. Carlos Gomez Alacanteko Unibertsitateko (Herrialde Katalanak) Analisi Ekonomiko Aplikatuko irakasle eta Bakeaz – eko lankidetza eta immigrazio politiken arloko arduradunarekin eta Xabier Andres politologo, ekonomista eta Bakeaz – eko kidearekin batera, Immigrazioak Euskal Autonomia Erkidegoan eragiten duten inpaktu ekonomikoa liburua idatzi du Arriolak. Eusko Jaurlaritzako Immigrazio Zuzendaritzarentzat egin dute azterlana.

Immigrazioaren auzian gogoetak duen garrantzia nabarmendu dute ikertzaileek. «Azken urteotan euskal ekonomian gertatutako egiturazko eraldaketarik garrantzitsuena ekarri duen aldetik, immigrazioaren zergatia aurkitzen saiatu gara», azaldu du Arriolak. «Immigrazioa ulertzeko gehiago egiten dugun neurrian, gehiago egingo dugu bizikidetzaren alde», nabarmendu du Carlos Gomezek. Hartara, datuez gain, interpretaziorako eremua irekitzen du liburuak. Bide horretan, egileek bertan behera bota dituzte etorkinen inguruko aurreiritzi asko .

Esaterako, ikerketaren arabera, ez da egia kotizatzen dutena baino gastu publiko handiagoa egiten dutenik. Etorkinek zerbitzu publikoak «kolapsatzen» dituzten ustea gezurtatu dute. 2006an, esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %4,01 ziren etorkinak, eta euskal administrazioek gastu publiko sozialera bideratutako aurrekontuaren %4 erabili zuten. Hau da, etorkinek euren pisu demografikoari zegozkion zerbitzu publikoak erabili zituzten. Ez gehiago.

Gainera, gainerako biztanleriarekin alderatuta, proportzionalki haur eta adineko gutxiago dago etorkinen artean; beraz, biztanleria aktiboa handiagoa da etorkinen artean, baita jarduera tasa ere. Gogoeta esanguratsua dakar horrek, haurrek eta adinekoek zerbitzu gehiago erabiltzen dituztelako eta zerbitzu horiek langileek finantzatzen dituztelako

2006ko datuen arabera, EAEko batez besteko gastu soziala 2.905 eurokoa da etorkin bakoitzeko, eta 2.828 eurokoa etorkina ez den biztanle bakoitzeko. Etorkinek prekarietate egoerei eta lan baldintzei loturiko gaixotasunen ondorioz jotzen dute batik bat laguntza eskatzera. Baina etorkinentzat gastu sozialean pertsonako 77 euro gehiago bideratzen zaien arren, etorkinen ekarpen fiskala gainerako herritarrena baino %23,5 handiagoa da. 2006an, pertsonako 1.097 euro gehiagoko ekarpena egin zioten etorkinek EAEko ogasunei zerga kargetan. Hartara, Arriolaren hitzetan, oro har, jasotzen dutena baino gehiago ematen dute: «Etorkinek finantzatzen dituzten zerbitzuak bertakoek kontsumitzen dute, proportzionalki».

ETORKINEN BEHARRA. «Etorkinak zerbaitetatik ihesi omen datoz, zerbaitek erakarrita. Baina uste hori ez dator bat errealitatearekin. Etorkinak lanpostuak dituzten tokietara joaten dira». Arriolaren esanetan, etorkinak beharrezkoak dira euskal ekonomiak behar bezala funtziona dezan. Izan ere, nekazaritzan, eraikuntzan eta beste hainbat lanetan, eskulan eskari handia dago, eta langileen artean kualifikazio gutxiko lanak egiteko joera txikitzen ari da. Beraz, etorkinak lanpostuak kentzen dituztela dioen ustea ere ez da egia.

Arriolak, bestalde, euskal ekonomiaren bereizgarri bat nabarmendu du etorkinen premia nabarmentzeko: «Emakumeak lan munduan sartzen ari dira, baina Europako hainbat herrialdetan ez bezala, emakumeak etxetik ateratzen dira etxean ematen zuten denboraren ordezko egiturarik egon gabe». Politika publikoen gabezia horren ondorioz, etxeko lanak egiteko «emakumeen eskulana inportatzen» dela esan du.

Datu eta interpretazioez gain, etorkinak txertatzeko 26 proposamen dakartza liburuak, esaterako, etorkinentzat enplegu egokia sortzeko Mendekotasun Legea nola erabili, sasoiko langile etorkinentzako bizitoki sareak nola eratu, prostituzioan aritutako emakumeak bestelako enpleguetan hasteko zer programa egin, eta etorkinen seme – alabek erdi eta goi mailako ikasketei eusteko zer egin.

 

«Etorkinek finantzatzen dituzten zerbitzuak bertakoek kontsumitzen dituzte, proportzionalki»

«Emakumeak etxetik ateratzen dira etxean ematen zuten denboraren ordezko egiturarik gabe»

joaquin arriola

liburuaren idazlea

«Immigrazioa ulertzeko gehiago egiten dugun neurrian, gehiago egingo dugu bizikidetzaren alde»

carlos gomez

liburuaren idazlea

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)