Hegoafrikatik joan dira 10.000 mozambiketar, erasoek ikaratuta
Ipar-mendebaldeko eskualdera zabaldu da lehen aldiz etorkinen aurkako indarkeria
Berria, , 23-05-2008ekain rojo
Mozambikeko Gobernuak jarritako autobusetan Hegoafrikatik sorterrira ihesi joan dira aste honetan 10.000tik gora mozambiketar. Afrikako herrialde oparoenean etorkinen aurka piztutako indarkeriak ikaratuta alde egin dute. Maiatzaren 11tik, erasoak hasi zirenetik, 42 etorkin hil dituzte Hegoafrikan, eta 16.000 lagunek baino gehiagok handik ihes egin dute. Johannesburgon erasoaldia apaldu dela dio Poliziak, baina lehen aldiz ipar-mendebaldeko eskualdera ere zabaldu da immigranteen kontrako oldarraldia. Armada kalera ateratzea erabaki du Thabo Mbekiren gobernuak istiluak hasi eta 11 egunera, Poliziarekin batera etorkinei premiazko babesa berma diezaien.
Johannesburgoko eskualdeko gune ekonomikoan segurtasun indarrak egoera kontrolpean hartzen hasiak dira, baina iparraldean, Oukasie hirian, istilu handiak eragin dituzte herritarrek. Atzerritarren hiru saltokiri eraso diete eta lapurreta egin dute. Segurtasun indarrek kautxuzko balak eta negar gasa erabili dituzte oldarraldia apaltzeko, eta 49 lagun atxilotu dituzte. Gero, Zimbaweko 35 pertsonari polizia etxean eman diete aterpea. Mpumalanga ekialdeko lurraldean ere etorkinen aurkako istiluek bere horretan jarraitu dute. Bi autobus kiskali dituzte eta mozambiketar bat tiroz zauritu dute. Talde armatuek etorkinei jazartu, eta bizilekuak erre dituzte egunotan. Desplazatuak 25.000 dira, Gobernuak jakinarazi duenez.
Milaka etorkinek elizetan eta elkarteen egoitzetan aurkitu dute behin-behineko aterpea, eta bizi ahal izateko, giza erakundeen laguntza ezinbestekoa dute. Neguaren hasiera da herrialdean, eta giro hotza ere aurka dute horrenbestez. Elikagai laguntza eta haur txikientzako esnea igortzea galdegin dute, besteak beste, oldarraldiaren biktimei laguntzen ari zaizkien erakundeek. Krisia gainditzeko neurriak beranduegi plazaratzea leporatu dio oposizioak Mbekiri. Erasoaldia hasi zenetik aste batera hartu du ekimena. Hasitako ikerketek «anarkia honen iturburua» argitzen lagunduko dutela ziur da.
HERIOTZATIK IHES. Horiek hala, Zimbaweko ehunka herritarrek ere sorterrira itzultzea erabaki dute. Bizimodu hobearen itxaropenarekin Hegoafrikara eraman zituen ametsa desagertu da askorentzat. «Hiltzeko beldur naiz», adierazi du ihes egitea baztertu duen 24 urteko gazte batek. «Neska txiki bat dut etxean, eta hazten ikusi nahi dut». Herrialdean Zimbaweko hiru milioi herritar inguru daudela uste dute adituek, jaioterriko pobreziatik eta indarkeriatik alde eginda.
Afrikar Kongresu Nazionala alderdiko idazkari nagusi Kgalema Motlanthen hitzetan, txirotasunak azaltzen du immigranteen aurkako bortizkeria. «Baldintza miserableetan bizitzean, aski da istilu bat indarkeria leherrarazteko». Motlanthek onartu du apartheid-aren erruz hezkuntzarik jaso ez zuten herritarrek bekaizkeria dietela atzerritarrei, batez ere gaitasun handiagoa duten Zimbaweko herritarrei. Krisi ekonomikoak langabezia tasa %40ra igo du, eta askok atzerritarrei leporatzen diete lanpostuak kentzea, eta krimenaren erantzule ere egiten dituzte.
Hala, indarkeriak kalte egin dio Afrikako ekonomia garatuenari. Urre ustiapenean atzerritarrak aritzen dira hein handi batean, eta erasoaldiak ekoizpena murriztu duela esan dute enpresa arduradunek.
ZenBaKIa
5.000.000
Hegoafrikan bizi diren etorkinak. Hiru eta bost milioi artean dira Hegoafrikan bizi diren etorkinak. Gehienak Zimbawekoak dira, eta Mozambike eta Nigeriakoak ere badaude. Orotara, 48 milioi lagun bizi dira Afrikako herrialde oparoenean.
(Puede haber caducado)