«Etorkinen errealitatea erakusteko eta topagune izateko sortu dugu web orria»

NESTOR FELLI 'www.ongietorri.info'-ren sortzailea Immigrazioa du ardatz Bilboko Tas-Tas irratiko 'Alhan Ongietorri' saioak. 'www.ongietorri.info' web orria sortu dute, etorkinei ahotsa emateko helburuarekin.

Berria, , 23-05-2008

AINITZE AGIRREZABALA

1976. urtean utzi zuen Nestor Fellik (La Plata, Argentina, 1950) sorterria, Euskal Herrira etortzeko. Sentiberatasun berezia du etorkinekin.

Zein da webgune berri honen helburua?

Immigrazioa du gai espezifikoa, eta gai horri buruz protagonistek emititutako soinu artxiboen bilduma jasotzea da helburu nagusia. Immigrazioarekin batera euskarari ere lekutxo bat egin nahi diogu.

Soinu artxiboez gain, zer beste artxibo bilduko duzue?

Guk irratia egiten dugunez, eta gure tresna nagusia ahotsa denez, garrantzi berezia eman nahi diogu horri. Horiez gain, ordea, testuak eta bideoak ere egongo dira. Era berean, gai hori lantzen duten beste hainbat orritarako lotura eskainiko da, eta jende arruntari bere lanak orri honetan hedatzeko aukera emango zaio.

Nola sortu zen proiektua sortzeko ideia?

Jendea eta komunikabideak immigrazioaz hitz egiten hasi aurretik, Tas-Tas irratian bagenuen Ahlan Ongi Etorri izeneko irratsaioa. Saio horrek 10 urte baino gehiago ditu, irratiko programazioan saiorik zaharrena da. Herrialde eta arraza askotariko 10 lagun inguruk osatzen dugu irratsaio horretako lan taldea. Taldeak irratiarekin batera ikusi zuen Euskal Herrian, batez ere, baina baita Espainiako Estatuan ere immigrazio gaia landuko zuen web orri baten beharra zegoela.

Artxibo horietan zer eduki biltzen dira?

Web orri hau etorkinen topagunea izatea nahi dugu. Immigrazio gaiarekin lotuta, immigrazioaren alorrean lanean ari diren kolektiboek, etorkinei babesa ematen dieten taldeek, etorkinen taldeek eta inmigrazioaren fenomenoari lotutako ekimenak bultzatzen dituzten etorkinek egiten dituzten adierazpenak, deialdiak, iragarkiak, artikuluak, ekintzak, salaketak… biltzea da web honen helburua. Kolektibo horiek web orria erabiltzeaz gain, elikatu ere egingo lukete.

Proiektua zer fasetan dago oraingoz?

Guk hiru fase planteatu ditugu. Iazko udan sortu zen ekimena eta, urtea bukatzerako, web orria sortzea lortu genuen. Gero, hilaren10ean web orria jendaurrean aurkeztu genuen, Bilboko Medicus Mundiren egoitzan urtero egiten den etorkinen festan. Azkenik, urtea bukatzerako orriak itxura jakin bat izan dezan, sentiberatze kanpaina bat egin nahi dugu, denetariko kolektiboek proiektuarekin bat egin dezaten.

Web orriaren erabilera nolakoa da?

Web orria aski erabilerraza da. Agian, arazo nagusiena teknologikoa da. Soinu eta irudi artxiboak web orrian zintzilikatzeko gutxieneko prestakuntza behar baita. Ondoren, edozein irratik, telebistak, egunkarik edo web orrik erabil ditzake artxibo horiek.

Tas-Tas irratian Alhan Ongi Etorri irratsaioa ematen duzue. Zertaz da?

Asteazkenero emititzen dugu, 21:00etan. Alhan hitzak arabiarrez ongietorri esan nahi du. Arabiarrek beren etxean hartzen zaituztenean, alhan esan ohi dute: «Ongietorri, hau da zure etxea». Saioaren helburua da etorkinen errealitatea erakustea. Etorkin bakoitzak bere historia, bizipenak eta esperientziak dituelako. Batzuk ongi gizarteratu dira; beste batzuk, desertua zeharkatu eta patera batean iritsi ostean, kalean daude. Haien ahotsa da gure irratsaioa.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)