Immigrazioaren aurkako legedia gogortu eta bateratuko du Europako Batasunak

Bruselak gaur du erabakitzekoa paperik gabekoak kanporatzeko legedia zorroztuko duen

Berria, , 22-05-2008

n. v.

EB Europako Batasuneko 27 estatu kideetako ordezkariek paperik gabeko immigranteak kanporatzeko araudi gogorragoa eztabaidatu behar zuten atzo. Erabakia atzeratu egin zuten Europako Parlamentuak onar ditzakeen aldaketak eztabaidatu ahal izateko. 27 ordezkariek gaur erabakiko dute etorkinen aberriratzeari buruzko legedia gogortu edo ez.

Esloveniako EBren txandakako presidentetzak proposatu ditu hasierako testuaren aldaketak. Aldaketa nagusia da aurrerantzean estatuak ez direla derrigortuta egongo paperik gabekoei doako lege laguntza ematera. Horrela, Alemaniaren, Austriaren eta Greziaren eskaerari men egin dio Bruselak. Testu berriaren arabera, EBko estatu kide bakoitzak bere legeen esparruko laguntza emango du.

Estatu kideetako enbaxadoreak ados jartzen badira, Europako Parlamentuak berretsi beharko du testua ekainaren hasieran.

Legez kanpoko immigrazioa gelditzeko asmo horrekin, Espainiak eta Senegalek lankidetza hitzarmena luzatu zuten atzo. Urtebete gehiago (2009ko uztailera arte) paperik gabeko etorkinak geldiarazteko akordioa betearaziko dute Senegalek eta EBko mugen kontrolerako Frontex agentziak.

Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak esan duenez, «Espainian lan egin nahi duenak legearen barnean dauden bideak ditu». Espainian beharrezkoak diren langileak prestatzeko zentroak ireki zituzten 2007an Senegalen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)