Paperik gabekoak kartzelarekin zigortuko ditu Italiako Gobernuak

Etorkinak ez direla gertatzen diren ezbehar guztien errudun esan dute Elizak eta oposizioak

Berria, , 22-05-2008

nagore vega

Paperik gabeko immigrazioa delitu izatea onartu zuen atzo Italiako Gobernuak. Delitu berri hori lege proiektu batean bildu du Gobernuak eta Legebiltzarrari igorriko dio. Paperik gabeko etorkinek sei hilabete eta lau urte bitarteko kartzela zigorra bete beharko dute lege proiektua Legebiltzarrean onartzen dutenean. Uztaila baino lehen onartzea espero dute.

Lehenengo ministroen kontseilua egin zuen atzo Silvio Berlusconiren gobernuak Napoli hirian. Lau orduz, etorkinak kontrolatzeko neurriak eztabaidatu zituzten. Paperik ez dituztenen immigrazioa delitutzat onartu zuten, oposizioaren eta Elizaren aurkakotasuna izan arren. Antonio Di Pietro buruzagi progresistaren arabera, delitu horrek «milioika iheslari sortuko ditu eta Estatuarentzat 45 eta 50 milioi euro bitarteko kostua izango du». Gertatzen diren ezbehar guztien errudunak etorkinak ez direla salatu du Elizak, bestetik.

Besteren artean hiritartasuna lortzeko epeei eta etxebizitzen alokairuari dagozkion neurriak presazko deklaratu eta lege dekretu batean bildu zituzten: «Prozesuak motzagoak izango dira eta kanporatzeak azkarragoak». Neurri horiek betearazteko patruila berriak sortzea ere eztabaidatu zuten. Patruila horiek armadaren eta ordena segurtatzeko egitekoa duten indarren artean sortuko lituzkete. Ideia, ordea, bertan behera utzi zuten.

Berlusconi aurretik ere ahalegindu da paperik gabekoen immigrazioa delitu bezala onartzeko. Bere azken legegintzaldian izan zen hori, 2001etik 2006rakoan. 2004. urtean partzialki ez-konstituzionala deklaratu zuten lege hura.

ZABORTEGIAK, EREMU MILITARRAK. Ministroen kontseilua Campania eskualdeko zaborren krisiaz mintzatzeko ere bildu zen Napolin (Campaniako hiriburua). Dekretu bat onartu zuten, non zabortegiak eremu militar izendatu dituzten. Bost zabortegi berriro irekiko dituzte. Zabortegietan sartzen diren pertsonei hiru hilabete eta urtebete bitarteko kartzela zigorra ezarriko zaie, gainera. Zabortegiak erabiltzea eragozten badute, berriz, zigor hori bost urtera artekoa izango da.

Azken urteetan bizilagunek uko egin diote zabortegiak berriro irekitzeari, ez baitzituzten etxetik gertu nahi. Askorentzat, ordea, protesten atzetik mafia dago. Zakarrak legez kanpoko berziklatzeko aukera ez luke galdu nahi mafiak. Napoliko azken krisia iazko abenduan hasi zen. Zabor biltzaileek zakarra biltzeari utzi zioten zabortegiak beteta zeudelako.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)