Immigranteak kanporatzeko EBren egitasmoa arbuiatu du Amnestyk
Bruselak paperik gabekoen kontra onartu nahi duen zuzentarauak eskubideak urratzen dituela salatu dute
Berria, , 21-05-2008Ekain rojo
Europako Batasuneko 27 estatu kideetako ordezkariek paperik gabeko immigranteak kanporatzeko araudi gogorragoa eztabaidatuko dute gaur Bruselan. Esloveniako EBren txandakako presidentetzak egindako aldaketak biltzen ditu testuak, aurreko astean hamar herrialdek agertutako kontrako jarrera aldarazteko eginikoak. Guztien sostengua lortu ahal izateko, gogortu egin dute paperik gabeko etorkinen kontrako zuzentarau proposamena. Giza eskubideen aldeko erakundeek ekimena salatu dute. ECRE Iheslarien Europako Kontseiluak eta Amnesty Internationalek deitoratu dutenez, baldintza horietan testuak pertsonen eskubideak larriki urratuko ditu.
Enbaxadoreak testuan ados jartzen badira, Europako Parlamentuak berretsi beharko du ekainean. Aldaketa nagusia da aurrerantzean estatuak ez direla derrigortuta egongo paperik gabekoei doako lege laguntza ematera . Horrela, Alemaniaren, Austriaren eta Greziaren eskaerari men egin dio Bruselak. Gaur ordezkariek eztabaidagai izango duten zuzentarauak dio immigranteek lege laguntza jaso ahalko dutela, EBko herrialde bakoitzeko legediaren arabera. Aitzitik, jatorrizko testuak etorkinek «doako justiziaren onura jasoko dute», zioen. Kanporatutako immigranteei EBra sartzeko jarritako bost urteko debekuaren harira, aintzat hartuko dute behin baino gehiagotan Europako herrialde batetik kanporatua izan ote diren.
Bestalde, legebiltzarkideek larrialdiko bilera egin dute Estrasburgoko Parlamentuan Italian bizi diren ijitoek azken boladan jasan duten jazarpena aztertzeko. Giza Auzietarako EBko goi komisarioak, Vladimir Spidlak, ijitoen kanpalekuen kontrako erasoaldia gaitzetsi du, eta gogorazi Europako herritarrak salbuespen kasuetan bakarrik kanpora litezkeela. Errumaniar jatorriko ijitoek gainontzeko europarrek bezalako mugimendu askatasuna dutela azaldu du. «Indarkeria arrazista EBko estatu askotan antzematen ari gara, Ponticelliko [Napoli] lehengo asteko gertaerak ez dira kasu bakanak».
Nolanahi ere, eskuineko gobernu berriaren jokabidea bestelakoa da. Walter Veltroni Alderdi Demokratikoko buruak «Napoliko eraso arrazista larriak gozotzea edo zuritzea» egotzi dio Gobernuari. Silvio Berlusconiren kabineteak denborarik galdu gabe ministroen lehen kontseilua baliatuko du gaur immigrazioari eta segurtasunari buruzko «lehentasunezko lege egitasmoa» onartzeko. Paperik gabekoen egitasmo zurrunak kontrako iritziak sortu ditu Gobernutik kanpo, baina baita haren barruan ere.
Roberto Maroni Barne ministroa paperik gabeko immigrazioa delitu bihurtzearen alde agertu da. Halaber, ijitoen kanpaleku guztiak desegin eta «azpiegitura duinak» eraikiko dituztela jakinarazi du.
ITALIAN IMMIGRAZIOA DELITU. Napolin gobernuak egingo duen ministroen kontseiluan 30 ataleko ekimena aurkeztuko du Maronik. «Frantzia, Alemania eta antzeko estatu oso zibilizatuetan bada jada legez kanpoko immigrazioaren delitua, berehalako epaiketa aurreikusten du, eta kanporatzea kondenaren ondoren». Aliantza Nazionala Gobernuko alderdiarentzat, ordea, soilik delituak egin dituzten immigranteak kanporatu beharko lirateke segurtasun legearen izenean.
Renato Raffaele Martino kardinalaren hitzetan, okerra da legea, immigranteei ezin zaielako guztia leporatu. Veltroniren ustetan, «legez kanpoko immigrazioaren delitua ezartzea antzua eta mingarria izango litzateke, eta soilik kartzelak betetzeko balioko luke». Agintariek ijitoen eta errumaniarren aurkako solasa erabili izana salatu du Arrazismoaren aurkako Europako sareak (ENAR), eta arraza indarkeria bultzatzen ari direla uste du. Hala, Luca Romagnoli eskuin muturreko Europako diputatuak ijitoentzako estatua sortzea proposatu du arazoa konpontzeko.
ZenBaKIa
23
Ustelkeriagatik atxilotutako poliziak. Campaniako Giugliano herrian 23 udaltzain atxilotu dituzte ustelkeria leporatuta. Poliziekin batera Giuglianoko Udaleko hiru funtzionario, eraikuntzako 11 enpresari eta bi teknikari ere atxilotu dituzte. Udaleko langileek eraikuntzako enpresak kontrolatzeko ardura zuten, baina isunak barkatu ei zizkieten haien oparien truke.
(Puede haber caducado)