Hegoafrikan gertatutako eraso xenofoboetan 22 dira hildakoak

Kriminalitatea bultzatzea leporatzen diete etorkinei; 6.000 lagunek ihes egin dute etxetik

Berria, allande sokarros, 20-05-2008

Hegoafrikako hiri handienetako batean, Johannesburgon, orain dela astebete hasi zituzten erasoaldi xenofoboak auzune pobreetan, eta gutxienez 22 etorkinek bizia galdu dute jadanik. Lan bila joandako zimbawetarrak dira biktima nagusiak. Horietako asko iheslari edo errefuxiatuak dira, eta 6.000 inguruk ihes egin behar izan dute etxetik.

Johannesburgoko Poliziaren bozeramaile Govindsamy Mariemuthok adierazi duenez, 22 pertsona hil dira hilaren 11n indarkeria oldea hasi zenetik. Segurtasun indarren eledunak gaineratu du ustez erasoekin zerikusia duten 217 lagun atxilotu dituztela.

Azkenengo datuak hizpide dituela, Poliziaren bozeramaileak hau zehaztu du: «Aurrekoei alderatuta, igande gaua apur bat lasaiagoa izan da; istiluak izan dira, haatik, eta pertsona bat tiroka hil dute Alexandra auzunean». SABC irratiak atzo zabaldutako informazioen arabera, Madalakufako auzune pobrean igande gauean gertatutako indarkerietan, su eman zieten hogeita hamar bat etxebizitzari.

Hegoafrikan hiru milioi etorkin zimbawetar bizi dira, eta horiek dira gehienbat indarkeria olde horren biktimak. Erasogileak, berriz, Johannesburgoko auzunerik pobreenetan bizi diren hegoafrikar gazteak. Borrokak hilaren 11n hasi ziren, Alexandra auzune baztertuan – egun hartan bi lagun hil zituzten – . Hala ere, orain arteko gaurik okerrena igande gaua izan da. Suzko armak eta aihotzak eskuetan zituzten hegoafrikar taldeek eraso diete barruti pobreetako auzokide dituzten etorkinei.

Oldar egite xenofobo horiek Alexandra auzoan hasi, eta Cleveland, East Rand, Hillbrow, Hoenydew, Jeppe eta Primrose auzuneetara hedatu dira. Lekukoen arabera, basakeriak ugari izan dira eraso horietan. Herenegun, esaterako, etorkin bat estalki batekin bildu eta su eman zioten tapakiari. Beste lekuko batzuen arabera, berriz, erasogileek zenbait etorkin bizirik kiskalita hil zituzten.

BIZIA POLIZIAREN ESKU. Ikaragarrikeria horietara iritsi gabe ere, etorkinen bizilekuei su eman diete sistematikoki. Hala gertatu zen atzo East Rand auzunean, esaterako. Basakeria horiei ihes egiten saiatzen ari dira milaka etorkin, eta lehen egunetatik, Alexandra auzuneko polizia etxearen aurrean bildu dira ehunka etorkin, denda batzuen aterpean. Segurtasun indarren babesaren bila joandakoen kanpalekua Gurutze Gorriak bere ardurapean hartu du orain. Johannesburgoko segurtasun indarrek bilera egitekoa zuten atzo, egoera larri horri aurre egiteko baliabideak aztertzeko xedean. Johannesburgoko artzapezpiku metodista Paul Verynek, berriz, salbuespen egoera ezartzeko eta armada hiriko kaleetan zabaltzeko eskatu du. Antzeko deia egin die Desmond Tutu artzapezpiku eta Bakearen Nobel saridunak ere: «Apartheid – aren aurkako borrokan lagundu egin gintuzten; ezin diegu ordaindu beren seme – alabak hilez».

Gogor gaitzetsi dituzte eraso xenofoboak Hegoafrikako presidente Thabo Mbekik, Pretoriako gobernuak eta boterean den ANC Afrikako Kongresu Nazionala alderdiko buruzagi Jacob Zumak. Gobernuak larrialdi batzorde bat ere eratu du, egoeraren nondik norakoak aztertu eta horri aurre egiteko neurriak ebazteko.

Hegoafrikako agintari politiko gorenek xenofobiari ez diotela nahiko arreta jarri nabarmendu du, ordea, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren tokiko arduradun Tseliso Thipanyanek. «Gisa horretako arazoak lehen aldiz azaldu ziren 1999an, bi etorkin tren batetik bota zituztenean». Haren iritziz, xenofobiak gaur egun hartua duen neurria benetan beldurgarria da. «Agintariei behin eta berriro ohartarazi genien bizi garen egoerara irits gintezkeela; ez ziguten behar adina arreta jarri».

Nazioarteak, berriz, honako azalpen hau eman dio xenofobia oldeari: «Lehia gogorra da urriak diren baliabideen inguruan – etxebizitzak, lanpostuak, zerbitzuak – , eta, gainerat, auzune pobreenetan da hau gertatzen».

 

«‘Apartheid’ – aren aurka lagundu egin gintuzten; ezin diegu ordaindu beren seme – alabak hilez»

desmond tutu

bakearen nobel sariduna

«Agintariei ohartarazi genien bizi garen egoerara irits gintezkeela; ez ziguten behar adina arreta jarri»

Tseliso thipanyan

UNHCR – ko ordezkaria Hegoafrikan

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)