Zenbatgarrena

Berria, Amagoia Iban, 20-05-2008

Joan den astean, ijito ehizaren irudiak ikusi zenituen albistegi guztietan. Jendetza eta txabolak sutan, jabetza apurrak zaku batean sartu berri zituen jendea polizia artera iheska… Erasotzaileek ez zuten ijitorik nahi inguruetan, gaizkiletza beste ogibiderik ez daukatela sinetsita. Italiakoak ziren irudiok, baina egunen batean hemen bertan antzekorik ikus dezakezula pentsatu zenuen.

Aste hasiera honetan, beste emigrante batzuen ehizaren irudiak ikusi dituzu albistegiren batean. Jendetza eta txabolak sutan, jabetza apurrak zaku batean sartu berri dituen jendea elizetara eta polizia etxeetara iheska… eta gizon bat, pospolo erraldoi bihurtuta, su eman dioten armadunak inguruan dituela, kameren aurrean kiskaltzen. Erasotzaileek ez dute kanpotarrik nahi inguruetan, lanpostuak eta etxeak lapurtu eta gaizkile salda gozatu besterik ez dutela egiten sinetsita. Hegoafrikakoak, apartheid – aren herrialdekoak ziren irudiok, eta erasotzaileen zein erasotuen larruazal beltzari begiak kendu ezinda geratu zara.

Irudiz irudi erakutsiko dizuten hurrengo pertsona ehiza zenbatgarren mundukoa izango ote den galdetu diozu zeure buruari. Dagoeneko ahaztu zaizu, hemen bertakoa izan daitekeela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)