Berlusconik paperik gabekoen aurka indarrean jarri nahi dituen neurriek kezka sortu dute Italian
Gobernuaren proiektuak salbuespenekoa izan behar duela adierazi du Napolitano presidenteak
Berria, , 17-05-2008Giorgio Napolitano Italiako presidenteak ez ditu begi onez ikusi Silvio Berlusconi lehen ministroak paperik gabeko etorkinei eta krimenari aurre egiteko indarrean jarri asmo dituen neurriak. Dekretu legea indarrean jartzen bada «beharrezko eta premiazko» egoerei aurre egiteko izan beharko duela adierazi du Napolitanok. Italiako presidentea ez da Gobernuaren asmoen inguruan kezka agertu duen bakarra, hala ere. Italiako Elizak ere, «muturreko jarrerak» zabalduko diren beldur, paperik gabeko etorkinen gainean bestelako neurriak hartu behar direla adierazi du. Europako Batzordeak, berriz, auzia gertutik jarraituko duela azaldu du.
Berlusconik proposatutako dekretu legea datorren asteazkenean, hilak 21, onartuko du Ministroen Batzordeak. Proiektuak paperik gabeko etorkinak masiboki kanporatu ahal izatea aurreikusten du, besteak beste. EB Europako Batasuneko zuzentarau batean oinarrituz, «soldatarik ez duten edo delituak egiten dituzten» EBko herritarrak Italiatik aberriratu ahalko dituzte, gainera. Halaber, Italiako mugak ixtea eta «lanik ez duten eta bizitza kriminala egiten amaitzen duten atzerriko herritarrak identifikatzea» jasotzen du. «Ongiaren armada» ere sortuko dute. Italiarrak «gaizkiaren armadatik» defendatzeko eginbeharra izango dute polizia talde horiek.
Giorgio Napolitanok Europako araudia errespetatzeko eskatu dio Berlusconiren gobernuari. Europako Batzordeak, ordea, pertsonen joan – etorri askea arautzen duen araurik ez dela oraingoz urratu adierazi du. Alabaina, herrialdean tentsio handia bizi dutela eta egoera gertutik ari direla jarraitzen ziurtatu du Europako Batzordeko eledun Pietro Petruccik.
ARRAZISMOAREN BELDUR. «Gure pentsamenduak zaintzen ez baditugu, konturatu gabe arrazista bihurtuko gara». Severino Poletto Turingo kardinalak azaldu duenez, ijitoen kokaguneak husteak ez du arazoa konponduko. «Elkarrizketa eta segurtasuna, legezkotasuna eta hezkuntza, justizia eta karitatea batu behar dira. Ez dut uste induskatzeko makinak bidali eta dena behera botatzea irtenbidea denik. Joan – etorri askea ez dago debekatuta Europan, eta beste norabait joango dira». Angelo Bagnasco Gotzainen Konferentziako presidentea, bestalde, etorkinen aurkako «muturreko jarrerak» gelditu beharraz mintzatu da.
Azken egunetan ijitoen bost kokagune erre dituzte Italian. Antza, 16 urteko ijito bat haur bat bahitzen saiatu zen Napolin. Horrek etorkinen aurkako txinparta piztu zuen beste behin. Izandako liskarraren ondotik, Roberto Maroni Barne ministroak bidegabetzat jo du ijitoen guneen aurka egindako erasoak; hala ere, segurtasuna indartzeko xedez Gobernuak beharrezkoak diren neurriak hartuko dituela nabarmendu du.
«Gure pentsamenduak zaintzen ez baditugu, konturatu gabe arrazistak bihurtuko gara»
severino poletto
turingo kardinala
(Puede haber caducado)